Ekainaren 8an abiatuko da Kaldearte Kaleko Arteen Nazioarteko Erakustaldia, hamahirugarrenez. 38 konpainiak parte hartuko dute ekainaren 10era arte izango den ikuskizun sortan. Horietatik, bederatzi Gasteizkoak dira, eta beste hamar EAEkoak. Horrez gain, kanpotik beste 19 konpainia etorriko dira.
Orotara, 70 ikuskizun izango dira Gasteizko kaleetan, mota guztietako formatuetan. Sei ikuskizun kaleko estreinaldiak izango dira Espainia mailan, eta, horietatik, hiru erabateko estreinaldiak izango dira. Azpimarratzekoa da, bestalde, Ipar Euskal Herriko Mysterieuses Coiffures konpainiak taularatuko duen Xori-gizonaren elezaharra izeneko ikuskizuna.
Prentsa agerraldian aurkeztu du gaur jaialdiaren programa Gasteizko Kultura zinegotzi Estibaliz Cantok. Konpainien kopurua igo dela azpimarratu du Cantok -iaz baino bi gehiago izango dira-, iazko aurrekontua mantenduta. “Larunbat goizeko programazioa handitu dugu, eta espazio berriak gehitu ditugu: Arkupekoak edota Francisco Juan Aiala plaza, esaterako. Hori guztia, berezko nortasuna mantenduta”. Nortasun horri dagokionean, “Europa osoan arrakasta lortzen duten kanpoko ekoizpenen” eta Gasteizko eta Euskal Herriko ekoizpenen arteko oreka aipatu du zinegotziak, eta euskararen eta emakumeen presentzia azpimarratu ditu.
Aurten, gainera, Erronka Garbia izeneko egiaztagiria izango du Kaldeartek, Jaurlaritzako IHOBE elkarteak emandakoa, "ingurumenean izan daitezkeen eragin potentzialak" murriztuko direla ziurtatzeko.
Ekaineko lehenengo larunbatetik aurrera eskuratu ahal izango dira sarrera mugatua duten emankizunetarako gonbidapenak, eta baina egitarau osoa biltzen duen koadernotxoa ere, Urrezko Zeledonen plazan jarriko duten postu berezian.