2016ko sanferminetan jazotako erasoaren inguruan Iruñeko auzitegiak gaur kaleratu duen epaiari erantzuteko kalera ateratzeko deia egin du mugimendu feministak "La manada gu gara" lemapean.
Erasoa gertatu eta ia bi urtera eman dute 2016ko sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaia. Sexu abusu delituagatik zigortu dituzte bost gizonak, eta bederatzi urteko kartzela zigorra bete beharko dute, eta 50.000 euroko kalte-ordainak eman beharko dizkiote biktimari. Horretaz gain, bi hilabetez eguneko 15 euroko isuna ordaindu beharko dute lapurretagatik –sakelako telefonoa kendu zioten emakumeari–.
Sexu eraso delituagatik absolbitu dituzte auzipetuak. Horrek esan nahi du epaimahaiak ez duela frogatutzat jotzen indarkeria egon zenik. Intimitatearen aurkako delituagatik eta indarkeria bidezko lapurreta delituengatik ere absolbitu dituzte. Ricardo Gonzalez magistratuak boto partikularra eman zuen. Absoluzioa eskatzen zuen bost akusatuentzat, eta sakelakoaren lapurreta soilik aintzatesten zuen.
Epaiak jasotzen duenez, "salatzaileak estutasun eta urduritasun handia sentitu zuen" auzipetuak hura biluzten hasi zirenean. Egoerak "harridura eragin zion eta men egitera eta jarrera pasiboa hartzera bultzatu zuen, akusatuek esaten ziotena egitera behartuz, denboraren zatirik handiena begiak itxita mantenduz". Epaiak gaineratu du auzipetuek emakumearen egoera "baliatu" zutela "izaera sexualeko" hainbat ekintza gauzatzeko.
Erasoa gertatu zenetik egon dira espetxean behin-behinean. Aldeek iragarri dute helegitea jarriko dutela. Horien artean, Nafarroako Gobernuak; herri akusazio gisa aurkeztu baita.