San Prudentzio 2018

Gertu dituzte muinoko etxeko ospakizunak

Mirian Biteri 2018ko api. 26a, 11:20

Larunbatean, urtemugaren egunean, Prudentzi Eguna ospatuko dute gaztetxekoek Alde Zaharrean.

Gasteizko gaztetxeak 30 betetzen ditu aurten, eta, horrekin lotuta, egitarau berezia antolatu dute urte osora begira; herri mugimenduko eragileekin elkarlanean, hilabetero gai zehatza lantzen ari dira. Urtemuga, baina, San Prudentzio egunean da, eta hori behar bezala ospatzeko hainbat ekimen antolatu dituzte egunotarako. Pasa den astean, esaterako, 15 abestiz osatutako 30 urte diskoa aurkeztu zuten; eta larunbaterako, Prudentzi Eguna prestatu dute.

Egun osoan luzatuko dira ekintzak: gosariarekin eta umeei zuzendutako hainbat txokoekin hasiko dira. 10:00etan egin dute hitzordua, eta indarrak hartu ostean, aurpegia margotzea, gaztetxea apaintzea, kalkamonia tailerra nahiz bolo jaurtiketa izango dira.

Erraldoiak eta albokariak

Ordu erdi beranduago, erraldoi eta albokariekin batera kalejira abiatuko dute Hala Bedi tabernatik gaztetxera; eta 12:30ean, aldiz, umeentzako zirku ikuskizunari hasiera emango dio Bapatean konpainia gasteiztarrak, muinoko etxean.

Herri bazkaria ere egingo dute, 14:30ean, Etxauri plazan. Hala Bedi tabernan daude salgai horretarako txartelak, 6 euroren truke. Bazkalostean, Jon Basaguren musikaria arduratuko da mahaiaren bueltan daudenak girotzeaz; ordubete inguruko kantaldia eskainiko du plaza berean. Iluntzean, berriz, 30 urtemugako ekitaldia egingo dute.

Musikarekin amaituko da Prudentzi Eguna. Hain justu ere, Potato eta Akerbeltzen emanaldiekin. Azken talde horrek eskainiko duen erromeriak, gainera, kolaborazio bereziak izango dituela iragarri dute antolatzaileek

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide