San Prudentzio 2018

La Concordia elkartea salatu dute sexu bereizketa egiteagatik

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018ko api. 27a, 07:00
Badira oraindik emakumeak onartzen ez dituzten elkarteak. MIKEL ARRAZOLA/IREKIA.eus

Sexu bereizketa egiteagatik salatu du Olga Okarizek Gasteizko La Concordia elkarte gastronomikoa; Emakundek aurretiazko diligentziak zabaldu ditu eta elkartearen arduradunei azalpenak eskatu dizkie.

Gasteizko La Concordia elkarte gastronomikoaren kontrako salaketa jaso du Emakundek, sexu diskriminazioa egiteagatik. Horrenbestez, Emakumearen Euskal Institutuak diligentziak zabaldu ditu auzia argitzeko.  Olga Okariz gasteiztarrak salatu du aipatu elkartean aitaren plaza hartzea ukatu diotela emakumea izateagatik.

Emakundek argitu duenez, oraindik ikerketa hasi gabe dago. "Aurretiazko diligentziak zabaldu dira, eta EAEko Agintaritzaren Aldizkarian iragarkia argitaratu da, La Concordia elkarteko arduradunekin ezin izan garelako harremanetan jarri, eta jakinarazi behar zaielako salaketa dagoela haien kontra". Normalean iragarpenak ez dira aldizkariaren bitartez zabaltzen, lehenago saiatzen baitira interesatuari salaketa jakinarazten, baina, kasu horretan ezinezkoa izan da. Hemendik aurrera, La Concordiako kideek epe jakin bat dute salaketaren inguruan dituzten alegazioak eta azalpenak aurkezteko, eta horiek jaso ostean erabakiko du Emakundek zer egin.

Hiriko hedabide batean azaldu du Okarizek 2016. urtean hil zela bere aita, eta, hainbat txokotan bezala, bere tokia familiari gorde zitzaiola, automatikoki. Aitak utzitako plaza hartzea erabaki zuen "oso oroitzapen politak" zituelako elkartean egindako bazkariez eta bizitako unetaz.

Emakumeak azaldu duenez, asko tematu ondoren lortu zuen La Concordiako bazkideek bere eskaera aztertzeko batzarra egitea, iaz. Alta, horretan erabaki zuten elkartearen araudia bere horretan mantentzea eta soilik hildako bazkideen semeak onartzen jarraituko zutela. Hemezortzi bazkidek emakumeak onartzearen kontra egin zuten, eta bostek alde. "Ez naute onartu emakumea naizelako. Amorragarria da XXI. mendean beste garai batekoak diruditen erabakiak hartzen jarraitzea. Bazkide askok alabak dituzte; zer egingo dute? Munduan jada ez daudenean ere betoa mantenduko dute?".

Beren aldetik, Gasteizko La Concordia elkarteko arduradunek aitortu dute bazkideen alabak ez dituztela onartzen, baina ukatu dute sexu bereizketa egiten ari direla: "Ez da gizonen edo emakumeen auzia", esan dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide