Bollera, marika eta transok espazio bila pasa ohi dugu bizitza. Eroso sentiarazten gaituen espazio bila, elkar ezagutu eta ideiak elkar trukatzeko guneak bilatu eta topatzen ditugu, eta, deserosoak garen jendarte honetan, giroz betetzen ditugu espazioak, eroso sentiarazteko leku bilakatu. Baina, indarrak, gogoak eta nahiak batzen direnean, esfortzuz eta ilusioz espazio fisikoak eraikitzera ere animatzen gara.
2000. urtean Lesgaytegi sortu zen ilusio berdinarekin, sortu zen 2012. urtean ere Sukubo. Arnasa hartzeaz gain, gure interesekoak ziren gaiak jorratu, landu eta lasai eztabaidatzeko espazio bat nahi genuen, gure gustukoak ziren hitzaldiak entzuteko, gure apalategian nahi genituen liburuak aurkezteko, eta, nola ez, begirada heteropatriarkalik gabeko jaiak antolatzeko. Beraz, tabakoaren legea aitzakitzat hartuz, erretzeko, ezabaidatzeko eta gure gorputzez gozatzeko espazioa sortu genuen. Hori bai, tabakoaren legea aitzakia izan bazen, hori izango zen urteetan aldatu ezingo zen lege bakarra; Sukuboko espazioan tabakoa erretzea legala izango zen.
Hala, talde bat 2012. urteko udan, hondartzak eta terrazak betetzen ziren bitartean, Sukubo barruko obra egiten egon zen, hautsez betetako irrifarre konplizeekin. Urteekin atzera begiratzen ari naizen honetan, kuriosoa iruditzen zait, Sukuboko obrak egin ostean, egin zen lehenengo gauza (obra egin aurretik eta obra tartean, gogoak aguantatu ezinik geundenez gero, gauza batzuk ere egin ziren) haur baten urtebetetzearen ospakizuna izatea, baina hori zen Sukubo, eta hori izatea nahi genuen: jendarteak espero zuenarekin apurtzea, eta hori bai ez zuela inork espero, seguru.
2012ko martxoaren 3an izan zen lehenengo inagurazio ofiziala, urteekin hain famatuak egin diren bermut batekin. Gasteizko hiriarentzat egun esanguratsua dela ez dago esan beharrik, gure hirian azkeneko hamarkadetan gertatutako sarraski haundienaren data baita. Egun hori ere oso esanguratsua da Gasteizko feministontzat, 1976ko mobilizazioetan Arabako Emakumeen asanblada sortzeko haziak landu baitziren, eta 36 urte beranduago han geunden gu, sistema heterokapitalistari aurre egingo zion espazio bat inauguratzen.
Heteroarautik at bizitzeko espazio antikapitalista, feminista, lesbianista eta transfeminista zen espazioa genuen, beraz edukiz betetzea besterik ez zen falta. Sukuboko asanblada eratu eta martxan jarri zen, ilusio handiz.
"Baina eraiki nahi bagenuen,
nola ez genituen desadostasunak izango?"
7menos20, Arabako emakumeen asanblada, Las Trans, Pikarrai eta Sukuboko asanbladaren eskutik, Bihurriok oihuka deituriko hitzaldi zikloan, lodifobia, pornoterrorismoa, transexualitatea, lesbianismoa, maitasun erromantikoa, feminismo deskoloniala, ijito feministen erronken inguruan eta askoz gai gehiagoren inguruan mintzatu gara, hitzaldietan zein mahai inguruan, ondoren prestatzen ziren bazkari goxoak jaten genituen bitartean.
Manifestazioetara joan aurretik, abisatu gabe, eta whatsapp talderik egin gabe, Sukubotik pasatzea ohitura bihurtu zen, megafonoa, bandera edo pankarta bila, manietarako gorputz disidenteen geralekua bilakatuz.
Sukubon momentu asko bizi izan ditugu, onak zein txarrak, eztabaida alaiak eta eztabaida gogorrak, desadostasun ugari izan ditugu, baina eraiki nahi bagenuen, nola ez genituen desadostasunak izango? Gure bizitzetarako ezinbestekoa den feminismoaren inguruan nola ez dugu eztabaidatuko, hain zuzen ere, feminismoa feminismoak direla ulertzen badugu, eta heteropatriarkatu kapitalistaren erresistentziarako gorputzak hain anitzak eta hain ugariak direla kontuan hartzen baldin badugu?
Pasa den apirilaren 7an Sukuboko ateak betirako itxi ziren, azkeneko galdera batekin… nor izango zen argia itzaliko zuen azkena?
Sukuboko argia itzali egin zen, baina urte hauetan bertan ikasitakoa, gozatutakoa, eztabaidatutakoa eta bizitakoak Gasteiz argitzen jarraituko du.
Sukubo espazio bat da, eta generoa bezala espazioak ere eraiki eta deseraiki egiten dira, beraz, hemen ez da ezer bukatzen, hau ziklo baten bukaera eta beste baten hasiera besterik ez da.
Sukuboren ondoren ere, Gasteizko deserosoek Gasteiz astintzen jarraituko dugu, beti egin dugun bezala.