Askotariko batzordeak daude Errekaleor Bizirik proiektuaren barruan; tartean, kulturarena dago. Zeregin askoren artean, auzoko eraikinetako hormak apaintzeko kudeaketarena dago, baina ez edozein margolan eginez. Azken urteotan, gertuko nahiz urrutitik heldutako puntako muralisten ekarpenekin bete dituzte hegoaldeko hormak.
Bederatzi sorkuntza-lan daude egun ikusgai, eta eraikin bakarra geratzen da zuri. Denbora gutxi emango du, dena dela, horrek hutsik; kultura batzordeko kide Haizea Beruetek eta Jone Bengoak iragarri dute badutela esku artean horretarako plana. Ez dute gehiago aurreratu nahi izan, baina jakinarazi dute, orokorrean, emakumeen presentzia indartzea dutela helburu.
Elkarbizitza, aberasgarria
Beruetek azpimarratu du dinamika jaio zela auzoan "ondare immateriala" sortzeko, artea kolektibizatu eta eremu pribatutik publikora pasatuz. Horrekin batera, gogorarazi du kutsu artistikoaz gain, politikoa ere badutela margolanek: "Politikoak dira duten esanahi eta sinbolismoari begira, baina baita ekoizpen prozesuari berari dagokionez ere: eremu publikoan egin dira eta denon eskura daude". Bengoak gaineratu du guzti horri artistak Errekaleorren egon diren bitartean sortutako elkarbizitza gehitu behar zaiola: "Elkar ezagutze horretatik gu ere aberasten gara, beraien muraletatik harago. Oso esperientzia polita da".
Horra hor auzoko mural artistikoei eginiko errepasoa:
'Aurrera' Andaluziatik eta Madrildik iritsitako Julik eta Zorak adore eman edo aurrera egiteko deia egin dute "oso koloretsua" eta "adierazgarria" den muralaren bidez. Errekaleorren bizitzeko eguneroko espresioa islatu dute bertan; besteak beste, emakume bat besoetan haur txikia duela, astero kaleratzen den Errekatxoko aldizkaria, orea egiten ari den laguna edo trikitia jotzen duen beste bat jaso dituzte; eta goiko aldean, bonbilla bat ere. Azken finean, auzoari bizitasuna ematen dioten detaileak ageri dira. Hitz hauekin laburbildu dute egileek margolan honen asmoa: "Gure nahia koloreen bitartez auzoko bizitasuna islatzea izan da, eta atxikimendu eta elkartasun keinu bat egitea, aurrera egin ahal izateko". |
'Ira, la perrita' Auzoan egindako azken horma-irudia da eskumakoa, Barricada Grafica Valparaisoko kide txiletarrek egina. Esandako herrialdean txakurra erresistentziaren sinbolo bat da, poliziaren aurrean ahalduntzearen eredu mobilizazioetan eta protestetan. Esanahia eta kultura aniztasunarekin lotuta, honako hau azpimarratu nahi izan dute Errekaleor Bizirikeko kideek: "Bertako sinbologiaz gain, interesgarria da, baita ere, kanpotik etorri den artista horrek bere kulturaren sinbolismoa utzi nahi izatea". Horrekin batera, gogorarazi dute auzoan txiletar asko ere bizi direla, eta "polita" dela beraien ikuspegia horma batean islatzea. Martxoaren 8tik dago ikusgai esandako sormen-lana. |
'Baserritarra' Tomas Facio argentinarrak bi aste inguru eman zituen murala sortzen; ageria denez, detaile askotako margolana da. Teknikari dagokionez, tinta txinatarra erabiliz margotu zuen. Esanahia ere argia da: baserritarra erdian, eta aldeetan bi buru moztuta; bat erregearena eta bestea burgesarena. Hain justu ere, "bere zapaltzaileen aurrean, herritarraren ahalduntzea" islatu du. |
'La Pegarra' Cadizen jaio eta egun Parisen bizi den Manolo Mesa da egilea; elkarbizitza "sakona" egin zuen astebeteko egonaldian. Margotzen hasi aurretik, berarentzako ezaguna zen Ollerietako zeramika museoa bisitatu zuen. Mesak ezagutzen zuen pitxarrari buruzko istorioa oinarri hartuta, bertako pitxarra eta auzoko neska baten irudiarekin egin zuen lana, emakumeen indarra eta euskal ohiturak goraipatzeko asmoz. |
'Blu artista italiarraren izenik gabeko lehen lana' Horma osoko lehen artelana da Blu muralista famatuarena. Italiarrak aurretik ezagutzen zuen Errekaleorreko proiektua eta argi mozketaren ondotik, plataforma berarekin harremanetan jarri zen, eta hiru egunetan aurkeztu zen auzoan. "Errekaleor suntsitzera datozenak zonbi bihurtuta" topatutako erresistentzia islatu du bertan; garai hartan topatutako egoera azaldu du hainbat detaileren bidez, hala nola, polizia, politikoak, makina hondeatzaileak, eta aurrean, barrikada. Goiko zatian, argiari ere egin nahi izan dio keinu. |
'Blu-ren bigarren lana' Blu italiarrak sortutako bigarren murala; ez dauka zerikusirik lehengoarekin. Muralistaren estiloarekin gehiago egiten du bat sorkuntza honek; modu inprobisatuan egin zuen, aurretik inongo proiekturik izan gabe. Irudi horretan agertzen diren detaileak oso anitzak dira, eta hortaz, interpretazio askotarako aukera ematen du. "Ezinezkoa da mural honi esanahi bakar bat ematea. Badauzka horrenbeste eszena eta detaile arratsalde osoa pasa dezakezula aurrean, eta, hala eta guztiz ere, zerbait utziko duzula ikusi gabe. Hilabeteak daramatzagu margoa ikusten eta pasatzen zaren bakoitzean, zerbait berria ikusten duzu. Bere barrenetik ateratako zerbait da, bere irizpidearen araberakoa", esan du Jone Bengoak. |
'Katua' Escifen lehen lana. Horren berezitasuna da katuaren begiek, gauean, distira egiten dutela; Valentziarra auzoan egon zenean argi indar barik zegoen. Katuaren sinbolismoa ere kontuan hartzekoa da: tartean, inkisizioaren aurretik zorte ona ematen zuela. |
'Ongi etorri' Gasteizko grafiti egile talde batek egindakoa. Hasiera batean, kutsu artistikoa ez duen murala bezala sailkatuta bazegoen ere, sortutako ikusmina ikusita, berritzea erabaki dute. Auzoaren sarrera markatzen du, eta ongi etorria ematea du helburu. |
'Escifen konposizioa' 1996. urtean grafitiak egiten hasi zen eta bere ibilbide luzean bilakaera sakona izan duen Valentziako Escif artista ospetsuak Errekaleorren sortutako bigarren lana da ondokoa. Arte kontzeptuala lantzea du gustuko, eta horixe da, hain justu ere, ezkerreko konposizioan agertzen dena. Jarrera oldarra duten gorputz ezberdinak azaltzen dira, eta horrez gain, uda batean muralistak auzoan eman zituen bi asteetan jasotako hainbat esaldi ere sartu ditu. Bertan bizitako errealitatea islatu nahi izan du modu horretan valentziarrak. Esaldi horietako batean, 'Aupa esa kunbia euskalduna' irakurri daiteke, uda horretan egunero kalean entseatzen zuen auzoko kunbia taldeari keinu adierazgarria eginez. |