Haur eta gazte literaturaren alorreko itzulpenik onenak sarituko dituzte

Erredakzioa 2018ko apirilaren 11

Euskarazko haur eta gazte literatura sustatzea da sarien helburua. Argazkia: Alea

Gasteizko Udalak euskarara ekarritako literatura sustatu nahi du ekimenaren bitartez.

Haur eta gazte literaturaren alorrean euskarara burututako itzulpenik hoberenak sarituko ditu Gasteizko Udalak, Vitoria-Gasteiz sarien bitartez.

"Gure hizkuntzan ekoitzitako produktuen salmenta eta kultur ekoizpena sustatzea da sarien helburua", Gorka Urtaran alkatearen hitzetan.

15. edizioa izango da aurtengoa. Guztira, 18.000 euro bideratuko dituzte itzulpenak saritzeko. Horietatik, 9.000 euro haur literaturaren saileko irabazlearentzat izango dira, eta beste 9.000 euro jasoko ditu gazte literaturaren saileko irabazleak.

Bi hilabeteko epea dago lanak aurkezteko. Lourdes Auzmendi, Karlos del Olmo, Isabel Etxeberria, Maria Jose Ezeizabarrena eta Ramon Etxezarreta izango dira aurtengo epaimahaikideak. Aurreko edizioan Miren Agur Meabe eta Aitor Arana idazleak izan ziren irabazleak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago