Gasteizko Udalean lan egiten duten emakumezkoek gizonezkoek baino %6,3 gutxiago kobratzen dute ordu bakoitzeko, gaiaren inguruan Udalak landutako txosten baten arabera. Urte osoko diru sarrerak kontuan hartuta, eta gizonezkoen eta emakumezkoen kopurua aintzat hartuz, soldata arrakala hori %22,2 iristen dela antzeman dute ikerketa egin dutenek.
Ikerketa egiteko 2016ko datuak baliatu dituzte, urte horretan Udalean lan egin zuten 3.835 langileren soldatak kontuan hartuta. Txostenean, jasotako ordainsariak, lan egindako orduak eta lanpostuaren berezko ezaugarriak aztertu dituzte, eta langile bakoitzaren ezaugarriak ere kontuan hartu dituzte. Udalak 2016an genero berdintasuna lortzeko planean jasotako konpromisoan abiatu da orain aurkeztutako lana.
Soldata arrakala honen atzean dauden zioak "askotarikoak eta konplexuak" direla adierazi du berdintasun gaietarako zinegotzi Jaione Agirrek, txostena aurkezteko atzo egindako agerraldi batean. Egoerari aurre egiteko "soziologia, kultura eta antolaketa aldaketak" behar direla esan du zinegotziak.
Neurri praktikoei dagokienean, eta arrakala txikitu aldera, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak proposatu ditu Udalak. Besteak beste, berdintasunean oinarritutako sarbidea bermatzea, eta kontratuak eta osagarriak berrikusteko beharra aipatu dituzte.
Arrakala honen atzean lau arrazoi identifikatu dituzte: lanaldi partzialeko kontratuetan emakumeen gehiegizko presentzia dago, eta emakumeak dira gehienbat lanaldi murrizketak hartzen dituztenak. Bestalde, emakumeak nagusi dira prestakuntza eskakizun txikiagoa eta ordainsari txikiagoak dituzten sailkapen taldeetan, eta enplegu publikoaren behin-behinekotasuna bereziki emakumeei eragiten diela aurkitu dute ikerketan.