FCC eta GMSM enpresek osatzen duten aldi baterako enpresa-elkarteak Gasteizko garbiketa zerbitzua utziko du, Gorka Urtaran alkateak azaldutakoaren arabera. Udalak martxoaren amaieran izan zuen erabaki horren berri.
2023. urtera arte zegoen indarrean FCCk Gasteizko garbiketarako zuen kontratua, baina enpresaren eta Udalaren arteko tirabirak izan dira azken hilabeteotan, garbiketa zerbitzuari loturiko zenbait gastu noren ardura ziren ezin adostuta. Urtarrilean Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak ebatzi zuen enpresak hartu behar zuela gastu horien kargua. Urteko 1,7 milioi euroko gastua da hori. Orotara, kontratuak urteko 22,8 milioi eurokoa da. Antza, gainkostu hori izan da kontratua eteteko arrazoia.
Kontratu berria lizitaziora atera eta esleitu arte, FCCk izango du oraindik orain garbiketa zerbitzuaren ardura. Orain, Udalak lizitazio berria egin beharko du, baina, berez, FCC esleipen berrira aurkezteko moduan egongo litzateke. Enpresa bera prozesu horretan garaile ateratzeko aukerak hautsak harrotu ditu oposizioan.
EH Bilduko bozeramale Miren Larrionen esanetan, bidean egon daitekeen lizitazio berri horretan FCCk berriro ere aurkezteko aukera izatea, eta horrela diru gehiago irabazi ahal izatea, "lizuna" litzateke. "Zerbitzua modu zuzenean kudeatzearen aldeko apustua egiteko" garaia dela aldarrikatu du zinegotziak. Irabazi ere horren alde azaldu da. "Urtaranek egin duen kanpo kudeaketaren aldeko apustua akats larria da, Udalaren interesen kontra doalako, eta hondakinen birziklatzean laguntzen ez duelako", esan du taldeak, sare sozialen bidez. Ahal Dugu-k ere eskatu dio alkateari azaltzeko "norekin hitzartu duen alde bakarreko erabaki hau".