Ertzaintzak zazpi lagun atxilotu ditu asteburuan, Gasteizko Lola diskotekaren inguruan izandako istiluetan parte hartzea egotzita. Zortzigarren lagun bati espedientea ireki diote, Mozal legea baliatuta.
Lola diskotekaren kanpoaldean istiluak sortzea eta hainbat ertzaini eraso egitea leporatu dizkiete atxilotuei. Ertzaintzaren arabera, zazpi poliziak jaso dituzte kolpeak.
Liskarrak igande goizean gertatu dira, seiak aldera, Gasteizko Dato kalean kokatuta dagoen Lola diskotekaren kanpoaldean. Bertan adingabeak alkohola kontsumitzen ari omen zirela eta, patruila bat bertaratu zen. Ertzaintzaren arabera, poliziek lokala hustu zuten, eta kanpoaldean hainbat pertsona liskarrean ari zirela ikusi zuten: poliziak ikusita, kanpoan zeuden lagun horiek objektuak jaurtiki ei zizkieten ertzainei.
Diskotekako arduradunek Facebook sarean argitaratutako ohar batean adierazi dutenez, aretoko langileek "uneoro" agintariekin kolaboratu zuten. Ertzaintzak zabaldutako bertsioaren kontra, lokala ohiko ordutegian hustu zutela adierazi dute, "Udalak ezarritako ordutegien arabera".
Eurak istiluekin zerikusirik ez dutela diote ohar horretan. "Aretoak ez ditu bere gain hartzen establezimendutik kanpo izan ziren istilu, liskar eta bestelakoak; gertatu den guztia deitoratzen dugu".