Hasiak dira Liburuaren Egunerako prestaketak

Erredakzioa 2018ko api. 5a, 17:29

Asteburuan, ohiko Liburu Azoka izango da. Alea.

Besteak beste, Uxue Alberdi eta Almudena Grandes idazleak gerturatuko dira Gasteizera.

Hasita dago jada aurtengo Liburuaren Egunerako atzerako kontaketa. Liburu egunak lelopean, Gasteizko Udalaren Liburutegien Sareak programa zabala prestatu du. Gaur goizean aurkeztu dute, Gasteizko Udaletxean, hilaren 16tik 26ra bitartean izango den ekitaldi sorta.

Ohi bezala, literaturari lotuta dauden mota guztietako jarduerak antolatu dituzte. Almudena Grandes idazle ezagunak Los pacientes del Doctor García eleberria aurkeztuko du, apirilaren 17an, Goiuri jauregian. Hurrengo egunean, eta toki berean, Rafa Ruedak literatura, musika eta emozioak batzen dituen Saio linbikoa izeneko ikuskizuna emango du.

Hilaren 19an, Virginia Wolfen Gela bat norberarena lanaren inguruan solasaldia eta "liburu dantzatua" egingo dituzte, Ana Arregiren eta Anezka Arabako dantza garaikideko gazte konpainiaren eskutik. Iaz ilustrazioaren kategorian Euskadi saria eskuratu zuen Mikel Valverde ilustratzaileak hitzaldia eskainiko du ere, 24an, Goiurin. Apirilaren 25ean, Pilarreko liburutegian, Uxue Alberdi eta Karmele Jaio idazleak solasean arituko dira, “Nobela baten eraikuntza” gaia aitzakiatzat hartuta.

Azkenik, Nanoipuinen lehiaketaren laugarren edizioa martxan dagoela gogoratu dute. Apirilaren 23ra arte egongo da irekita lanak aurkezteko epea. Testuetan "esnatu" hitza sartu beharra dago, ezinbestez, eta 12 urtetik 30 urtera arteko gazteek parte hartu ahal izango dute. Maiatzaren 31ra arte, berriz, Irakurri, gozatu eta oparitu ekimenean parte hartzeko aukera zabalik egongo da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago