Gasteizko zinemak dira Hego Euskal Herriko garestienak

Erredakzioa 2018ko api. 5a, 14:41

Gasteizko zinema aretoak garestienak dira Hegoaldean.

Gasteizko zinema aretoak dira Hego Euskal Herriko garestienak, Facua kontsumitzaileen elkarteak txosten batean jaso duenez.

Urtarrila eta otsaila bitartean egindako azterketa horretan, Espainiako Estatuko 49 hiriburutako 115 zinema aretoren prezioak aztertu dituzte kontsumitzaileek, eta, bertan bildutako datuen arabera, beherapen eta eskaintzarik gabeko sarreretan, Arabako hiriburuko zinema aretoak dira garestienak, Bartzelona, Oviedo, Guadalajara eta Madrilekoekin batera.

Hain zuzen ere, Gasteizen asteburuetan edo jaiegunetan film bat ikustearen truke batez beste 8,60 euro ordaindu behar dute herritarrek. Gainerako euskal hiriburuetan, berriz, Bilbon batez besteko prezioa 8,45 eurokoa da, Iruñean 7,90 eta Donostian 7,80. Astegunetan prezioak bere horretan mantentzen dira Gasteizen, Bilbon eta Iruñean; Donostian, berriz, 7,80 eurotik 6,73ko jaisten da. Espainiako Estatuaren erreferentzia kontutan hartuz gero, astegunetan, sarrera arruntaren truke gehien kobratzen duten bost hiribururen artean, Euskal Herriko bi daude: Gasteiz eta Bilbo.

Gainera, Ikuslearen Egunean, Euskal Herriko hiriburuetako prezio altuena Donostiakoa da, 6,20 euro ordaindu behar baita; Gasteizen 5,90 euro ordaintzen dituzte, 5,70 euro Bilbon, eta 4,90 Iruñean.

Bonu, eskaintza eta fideltasun txartelei dagokienez, Facuaren iritziz ez dira "nahikoak", gehienak "zinemetara aste barruan joateko erabiltzen baitira eta, asteburu edo jaiegunetan erabili ahal direnen kasuan, baldintza batzuk bete behar izaten baitira, hala nola hainbat laguneko taldeetan joatea, denbora gutxiren buruan itzultzea edo saio jakin batzuetan erabiltzea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago