Bide demokratikoen bitartez hautatutako Gasteizko lehen alkate Teodoro Gonzalez de Zarate omendu dute gaur goizean. Era berean, frankismoak hildako eta zigortutako lagun guztiei omenaldia egin nahi izan diote Gasteizen izandako ekitaldian.
1931tik 1936ra Gasteizko alkate izan zen Gonzalez de Zarate. Beste 15 lagunekin batera, Francoren aldeko tropek Azazetako mendatean fusilatu zuten. Eraildakoen artean zegoen ere Juan Francisco Diaz de Arcaya Gasteizko zinegotzi sozialista.
Egungo alkate Gorka Urtaranekin batera hainbat zinegotzi eta herritar izan dira, euskal erakundeetako ordezkarirekin batera. Posta eta Agirre Lehendakariaren kaleen arteko bidegurutzean egin dute omenaldia. Bertan, Iñigo Agirre artistak egindako eskultura bat inauguratu dute; eta eskulturarekin batera jarri dute ere gertatutakoa kontatzen duen testu xume bat.
Gorka Urtaranek "hiriarekin eta bertakoekin" konprometitutako gizontzat jo du Gonzalez de Zarate, Udalak zabaldutako ohar baten arabera. Frankismoaren errepresioa pairatu zutenak gogoan izan ditu ere. "Beraien bizitzekin bukatzen saiatu ziren baina justu kontrakoa lortu zuten: betikotasuna. Beraiena eta defendatu zituzten ideiena”, esan du alkateak.