Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak, Uraren Euskal Agentziak, Ilunpe ART eta Arabako Espeleologia taldeak elkarlanean Lurraren erraietatik isurtzen den ura izeneko erakusketa antolatu dute.
Lurpeko uren izaera jendarteari hurbilaraztea, horien ezagutza zabaltzea eta modu dibertigarri eta erakargarrian babestearen garrantzia ikustaraztea dira horren helburu nagusiak. Besteak beste, inguruko hainbat iturbururen argazki-sortak daude ikusgai, baita lurpeko errekak dituzten kobazuloen irudi ikusgarriak ere.
Hitzaldiak, txangoak eta tailerrak
Erakusketa ikustearekin batera, bestelako ekintzak izango dituzte bisitariek eskura. Apirilaren 12an, esaterako, lurpeko ibai eta kobazuloei buruzko hitzaldia eskainiko du Ilunpe ARTek, Ilunpeko Artea izenburupean; eta apirilaren 14an, EHUko Hidrologia-Katedratiko Iñaki Antigüedadek piezometroek nola funtzionatzen duten ikasteko txangoa gidatuko du Salburuan.
Horrez gain, apirilaren 15ean Gorbeiako Sale el Agua kobazulora bisita egingo da, eta apirileko larunbata guztietan, gaztetxoei zuzendutako tailerra eskainiko da Atarian, Sortu ezazu zure estalaktita lelopean.