Lanera faltatzeagatik "kaleratze objektiboa" arautzen duen Langileen Estatuko 52. artikulua baliatu du Michelinek hiru langile kaleratzeko, LAB sindikatuak prentsa ohar baten bitartez salatutakoaren arabera. Sindikatuak "oso larritzat" jo du enpresak hartutako neurria, "langileak kaleratu dituelako gaixorik egote hutsagatik".
Pasa den astean enpresa-batzordeak idazki bat bidali zion enpresako zuzendaritzari, langile horiek berriro onar zitzala eskatzeko. Michelingo langileek eta, "are gehiago, azpikontratetakoek" osasun arazo ugari nozitzen dituztela salatu du sindikatuak. "Enpresaren zuzendaritzak, arazoak konpondu beharrean, zigortu egiten ditu bajan egoteagatik". Enpresak hartutako neurri horien kontra ekimen gehiago egingo dituztela iragarri du sindikatuak.