Euskaraldira batu da Gasteiz

Erredakzioa 2018ko mar. 27a, 13:34

Euskaraldiarekin bat egiten duela erakusteko argazkia egin dute Gasteizen. M.BITERI

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra garatuko den Euskaraldia ekitaldira batu da Gasteiz.

Ekimenaren sustatzaile taldeko Maialen Agirre Loinazek adierazi duenez, Euskaraldiarekin hizkuntza ohiturak aldatzea eta egunero euskaraz gehiago aritzea da helburua. "Euskaraldia egingo da hamaika egunez, azaroaren 23tik abenduak 3ra, baina prozesua bera oso garrantzitsua izango da". Une honetan Gasteizen asmoaren sozializazioan lanean ari dira, talde eragileak eta batzordeak osatuz, eta aurrerago jendea prestatu eta tresnak eman nahi dizkiete egoera ezberdinen aurrean nola erantzun jakiteko, "Euskaraldiaren helburua baita norbanakoek aldaketa egitea eta euskara egunerokoan erabiltzea".

Gaur, Alde Zaharrean, egin duten ekitaldiarekin irudikatu nahi izan dute Gasteiz hiriak izena ematen duela Euskaraldian, eta irailetik aurrera herritarrek izango dute aukera ekimenean izena emateko.

Hiriko alkate Gorka Urtaranek nabarmendu du gizarte osoaren ekitaldi bat dela,"Udala gizartearen zati bat da, baina gizartearen rola da inportanteena, eta argazki honekin erakusten ari gara Euskaraldia ekitaldi kolektiboa dela". Urtaranek ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu gasteiztar guztiak: "Hamaika egunez ahobizi eta belarriprest izango gara; Gasteizek dagoeneko ahobizi eta belarriprest ditu euskara sustatzeko eta euskaraz hitz egiteko".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago