Salburuko hogei orein hil dira azken hilabetean

Erredakzioa 2018ko mar. 23a, 10:53

Udala eta Udaltzaingoa animalien heriotza ikertzen ari da. 

Gasteizko Udala Salburuko hogei bat oreinen heriotza ikertzen ari da. Enpresa bat Arkautiko urmaelaren inguruan bizi diren animalia hauen kudeaketaz arduratzen da. Ingurumen eta Espazio Publikoaren Saila eta Udaltzaingoa elkarrekin ari dira egoera aztertzen, baina lasaitasun mezua plazaratu nahi izan dute.

Azken hilabeteko eguraldiak animalia hauen heriotzarekin zerikusia izan dezake: oreinak elikatzeko arazoak izan dituzte. Hala ere, azken asteetan elikadura osagarria eman diete animalia hauei. Hain zuzen, ezohiko neurri hau eguraldiagatik jarri dute abian. Hildako orein gehienak ale gazteenak eta eme nagusienak izan dira, hots, taldeko kide ahulenak.

Udala ahalik eta informazio gehien biltzen ari da orain, besteak beste, animaliekin kontaktuan egoteak horien heriotzarekin zerikusia duen jakiteko. Zentzu horretan, orein taldea kudeatzen duen enpresari informazioa eskatu diote, baita animaliak kontrolatzeko eta zaintzeko neurriak handitzeko ere.

Ikerketa amaitzean, gertatutakoaren berri emango du Udalak, Ingurumen Elkargunean eta Ingurumen udal batzordean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago