Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko ditu Latinoamerikako biribilgunea lurperatzeko eta Tuvisaren kotxetegien eraikuntza-proiektuen idazketa, gaur Gasteizko alkate Gorka Urtaranek iragarri bezala. Euskal Trenbide Sareak (ETS) hartuko du bere gain bi azterlanen finantzaketa, 960.000 bat euro izango dena.
"Oso albiste garrantzitsua da, lehen pauso serioa baita Latinoamerikako biribilgunea lurperatzeko eta kotxetegiak eraikitzeko", nabarmendu du alkateak.
Egunero, 66.000 ibilgailu
Latinoamerikako biribilgunetik 66.000 ibilgailu inguru igarotzen dira egunean, ia hiriko ibilgailuen erdia. Azkterketa-proiektu honek 660.000 euroko gastua izango du. ETSk eraikuntza-azterlana lantzeko kontratua lizitatuko du, eta orduan zehaztuko dute obra eta hau egiteko epea.
Tuvisako kotxetegiei dagokienez, alkateak gogorarazi du Arkitektura Zerbitzuak eta hiri autobusen enpresak badutela aurreproiektu bat. ETSk informazio hori baliatuko du eraikuntza-azterlanerako (300.000 euro inguru baliatuko du horretarako). Oraingoz, 150 ibilgailu inguru hartzeko kotxetegiak aurreikusi dira. Ehun leku hamabi metroko autobusentzat lirateke. Gainerakoak, berriz, hamazortzi metrokoentzat. Lekuen heren batek, gainera, autobus elektrikoei emango die zerbitzu. Udal mintegiaren lursailean eraikiko dira, Zadorra hiribidearen eta Juan Crisostomo Arriaga kalearen artean.