Euskaltzaindiak Gasteizko toponimia historikoaren seigarren liburua aurkeztu du

Erredakzioa 2018ko mar. 22a, 15:02
Elena Martinez de Madina izan da liburuki berriaren egilea. ALEA

Elena Martinez de Madina euskaltzain urgazleak ondu du lana, eta, Arabako hiriburuaz gainera, Gasteizko beste 64 herriak ikergai dituen egitasmo zabal baten zati da.

Euskaltzaindiak Gasteiz udalerriko toponimia historikoaren seigarren liburukia aurkeztu du gaur,  Udaletxean. Gorka Urtaran Gasteizko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Roberto González de Viñaspre euskaltzain oso eta Euskaltzaindiaren Arabako ordezkaria eta Elena Martínez de Madina Salazar, Gasteizko Toponimia VI, Arratzua II liburuaren egilea izan dira aurkezpenean.

Elena Martínez de Madina euskaltzain urgazle eta Onomastika batzordekideak eginiko ikerlana, Arabako hiriburuaz gainera, Gasteizko beste 64 herriak ikergai dituen egitasmo zabal baten zati da. "Lan honetan ez da toponimo-bilketa soilik aurkezten –adierazi du euskaltzain urgazleak–, baita onomastika-ikerketa baten hipotesiak eta ondorioak ere. Izan ere, leku-izen normatibizatuak proposatzen dira, hala nola izen bakoitzaren etimologia, batzuetan ziurra, beste batzuetan ez hainbeste. Horrek gure lurraldeko hizkuntzak, gure usadio zaharrak, gure flora, fauna, geografia eta historia ezagutzen laguntzen digu”.

Arratzua merindade zaharra osatzen zuten herrien ikerketa toponimiko osoa hiru liburukitan banatzen da. Lehenak sei herri zituen aztergai, eta orain aurkezten den honek zazpi (Aberasturi, Andollu, Argandoña, Askartza, Billafranka, Bolibar eta Uribarri Nagusia). Gainerako herrien toponimia-analisi sakona bi urte barru argitaratuko da.

Egitasmo hau guztia egingarria da Gasteizko Udalak Euskaltzaindiarekin sinatua duen hitzarmenari esker. "Ekimen eredugarria da oro har toponimia-ondarearen mesedetan, eta, euskarari dagokionez, funtsezko datu-bilduma oparoa bertoko euskararen ezaugarriez nabarmen gehiago jakin dezagun", aitortu du Roberto González de Viñaspre Euskaltzaindiko Onomastika batzordeko buruak.

Halaber, Gasteizko Udalak eta Euskaltzaindiak hitzarmen berria sinatu dute 2018rako. "Agiri honek berresten du Gasteizko Udalarekin aspalditik daukagun harremana eta elkarrekin egin izan dugun lana, eta bide horretatik jarraitu nahi dugu, hiriko Toponimia ikertzen eta bestelako zerbitzuak eskaintzen Gasteizko herritarrei", esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak gaurko prentsaurrekoan. Hitzarmenaren bidez, Euskaltzaindiak aholku emango dio Udalari euskararekin lotutako gaietan, eta hizkuntza babesten, zaintzen eta sustatzen jarraituko du.

Orobat, kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egingo ditu, baina Gasteizko Toponimia bildumaren jarraipena izango da egiteko nagusia. Zehazki, 2017ko. urtearen azken lauhilekoan hasiera eman zion Arratzua III fasearekin jarraituko du Akademiak 2018. urtean. Udalak 63.000 euro emango dizkio Akademiari, urte osoan kultur zabalkunderako jarduerak, ikastaroak eta hitzaldiak egin ditzan. Bere aldetik, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak gogoratu du euskarak hirian izan behar duen bultzadaren "katalizatzaile eta dinamizatzaile" moduan jokatu behar duela Udalak, eta aitortu du zeregin horretan dabilela buru-belarri azken 20 urteotan, Euskaltzaindiaren eskutik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide