Doako bideo-jokoen munduko lehen campusa hartuko du Gasteizek

Erredakzioa 2018ko mar. 12a, 16:15

Campusa udan egingo da Artiumen, eta mugikorretarako Free to play bideo-jokoak garatzea izango du helburu.

Uda honetan, Free to Play (F2P) bideo-jokoak garatzeko campusa egingo da Gasteizen, modalitate honetan egiten den lehena. Zehazki, uztailetik urrira bitartean egingo da, Artium izango du egoitza nagusi, eta bertan, gehienez hiru kide izango dituzten sei taldek garatuko dituzte euren proiektuak. Denbora tarte horretan, parte hartzaileek Free to play bideo-joko bat garatu behar izango dute. Gehienbat bideo-joko hauek smartphones eta ordenagailuetan erabiltzen dira, eta doakoak izaten dira. Candy Crush Saga dugu F2P modalitatearen bideo-joko ezagun bat.

Ekimena sektoreko nazioarteko bi adituk zuzenduko dute: Jon Beltran de Heredia arabarrak eta Raul Herrerok. Horrez gain, estatuko eta nazioarteko beste hamar bat mentore izango ditu, tartean, Joony Koo korearra, Amir Rajan eta Andres Tallos. Gainera, campusak Amazon, Google eta Euskaltel izango ditu bidelagun.

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiriak, Arabako foru diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek aurkeztu dute gaur F2P bideo-jokoen campus-azeleratzaile hau.

Free to play jokoak

2016an 116.000 milioi eurotik gora fakturatu zituen sektore bateko nazioarteko proiekturik onenak Gasteizera erakartzea izango da ekimenaren helburua. Berez, sektore honek une hauetan guztiz hartzen du bideo-jokoen merkatua, gehien saldutako 200 bideo-jokoetatik 197k ezaugarri horiek dituzte, eta horien artean best seller batzuk aurki daitezke, tartean, Candy Crush Saga, 100 milioi jokalari baino gehiago dituena eta egunean bost milioi fakturatzen dituena.

Free to play bideo-jokoak  (erabiltzaileentzat doan direak) merkatuko segmenturik garrantzitsuena bilakatu da: urtean %20tik gorako hazkundea du formatu mugikorrean, eta gehien saltzen diren app-en %75 era honetako bideo-jokoak dira.

Campusean parte hartu nahi dutenek izena emateko aukera izango dute maiatzaren 15era bitartean,  www.f2pcampus.com webgunearen bidez. 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide