Larragorrin itxiko dute Gasteizko Eraztun Berdea, eta, bide batez, Gasteizko Mendiak espekulazioaren atzaparretatik babestuko dituzte. Azkenik, erabakia hartu du udal gobernuak. Gorka Urtaran alkateak iragarri du diziplina anitzeko partzuergo bat sortzea sustatuko dutela, Larragorri parkearen proiektua lantzeko helburuarekin. Talde horrek egindako lana baliatuko du udal gobernuak Europako funtsak lortzen saiatzeko. Inguru Gaietarako Gunea eta AMVISA udal sozietateek, URA Uraren Euskal Agentziak eta BC3 Basque Centre for Climate Change zentroak osatuko dute lantaldea.
Lasarteko legar-hobien gainean eraikiko duten parkeak Eraztun Berdea hegoaldetik ixtea aurreikusten dute, zenbait lanen bidez: Abendaño, Batan eta Zapardiel errekak desbideratzea; berdegune handi bat egokitzea, inguruak duen uholde-arriskuari irtenbide naturala emateko eta baltsa handi bat sortzea. Espazio zabal horrek aisialdirako gune bat eta oinezkoentzako eta txirrindularientzako ibilbideak har ditzake.
Aurreikusitakoaren arabera, hiru urteko epean obraren lehenengo fasea egingo litzateke; Lasarteko legar-hobiak eta inguruko lurrak desjabetuko dituzte, eta bertan baltsa handi bat eraikitzen hasiko dira ibaien emaria jasotzeko.
Eraztun Berdearen sustatzaile nagusi eta Gasteizko Inguru Gaietarako Gunearen zuzendari Luis Andres Orivek jendaurrean azpimarratu duenez, hogeita bost urte eta gero, garrantzi handiko urratsa egin du Udalak: "Oso inportanteak dira Gasteizko Mendiak hiriaren arima dira, mirariz iritsi da gaur arte egoera bikainean. Hau bezalako natura eremua oso erakargarria da, hiritik gertuegi dago, baina urbanizatu gabe gorde da; ez da gertatu beste herrialde batzuetan, elite ekonomikoek ingurune natural horiek okupatu dituztela; mendien kudeaketa tradizionalari eta komunalari esker, ez da hori gertatu".
Salburuaren bikia izateko xedea izan behar du Larragorri parkeak, Eraztun Berdearen "aitaren" ustetan, eta mendietatik datozen errekek eragiten dituzten arazoak bideratzeko aukera emango du: "Hegoaldean beste Salburua bat behar dugu. Batan eta Zapardiel ibaiek hiria eta hiriko araztegia kolapsatzen dituzte, eta hori bideratzeko balio izango du parkean egokituko den baltsa berriak".
Halere, Salburuko hezeguneak eta Eraztun Berdeak hiriaren osasunaren semaforo bat bezala funtzionatzen dutela esan du teknikoak, eta hiri-sistemak egunero sortzen dituen inpaktuak neurtzeko eta ondo kontrolatzeko balio dutela.
Egun akordio politikoa dagoela ematen badu ere, urte luzez tirabira handien iturburu izan da Eraztun Berdearen hegoalderako zabalpena. Lasarteko legar-hobien inguruak 385.000 metro karratu ditu, lauak, Gasteizko mendatera doan errepidearen eta Aretxabaleta herriaren artean kokatuta.
Legarra ustiatzeko erabilitako eremua erosi zuen Vital Kutxak orain dela urte batzuk, etxebizitzak eraikitzeko, baina adreiluaren krisiak eta EAEko Justizia Auzitegiaren eta Auzitegi Gorenaren epai banak gelditu zuten hirigintza asmoa. Epaitegiek ebatzi zutenez, andeatuta dagoen Lasartekoa bezalako eremu bat ezin da "berreskuratu" etxebizitzak eraikiz; eta lurren birkali katzea atzera bota zuen.
Vital Kutxaren mehatxuaren ondoren, beste bat etorri zen, PPko alkate Alfonso Alonsok toki horretan Hegoaldeko ingurabidea egin nahi zuela iragarri baitzuen; milaka eta milaka auto hiritik desbideratzeko asmoa zuten, Lasarteko errepidetik, baina beste behin epaitegiek birkali kazioaren kontra egin zuten.
Epaien ostean, Lasarteko legar-hobietan jarduteko asmoak gelditu ziren, eta azken urteetan zonaldea kontrolik gabeko zabortegia bilakatu da; produktu toxikoak ere aurkitu dituzte bertan. Behin eta berriz salatu dute udal oposizioko talde politikoek egoera, eta lurzoruen jabeei neurriak hartzeko exijitu diete, baina pilota alde batetik bestera ibili da, eta hondamendia ez da gelditu.
Berriz, 2015. urtean Urtaranen gobernuak iragarri zuen negoziatzen ari zirela Kutxabankekin eta gainerako jabeekin lurzoru horiek erosteko, eta azkenik Eraztun Berdea ixteko. Negoziazioen inguruan ezer gutxi ezagutzera eman da, baina bi aukera egon daitezke: lurzoruen truke prezio bat adostea edo nahitaezko desjabetzea egitea.
Errekaleor eta Elurreta muinoa, etorkizunean
Lasarten bezala, Eraztun Berdea osatzeko oraindik egin gabe daude bi ekinbide ditu esku artean Urtaranen gobernuak, biak oso polemikoak: Errekaleor auzoa eraistea eta inguruan nekazaritza ekologikoarekin lotutako zonalde bat sortzea, eta Elurretako Muinoan baso-parke bat kokatzea.
Elurretako Muinoaren lurzoruak 2012. urtean erosi zituen PPko udal gobernuak bi sustatzaile pribaturekin batera. Balio erreala baino hogeita hamar aldiz gehiago ordaindu zela salatu zuen EAJk orduan. Lurzoruak birkali katu eta etxebizitzak eraiki nahi zituen PPk, enpresariekin batera; baina krisiarekin asmoa bertan behera geratu zen. Bost urte geroago, EAJk lurzoruak doan alokatu dizkie bi eraikuntza enpresari. Operazioak hautsak harrotu ditu, eta EH Bilduk zalantzan jarri du sustatzaileek hutsaren truke lurzoruak eman dituztela. Bestalde, Errekaleor eraisteko asmoa du EAJk, "hegoaldeko eta iparraldeko parkeak lotzeko". Auzokideek asmoaren kontrako mobilizazioak eta protestak egin dituzte azken hilabeteetan, eta gezurretan aritzea leporatu diote alkateari.