"Garrantzitsuegia da kultura politikarien eskuetan uzteko"

Anakoz Amenabar 2018ko mar. 11a, 09:00
Iñaki Larrinbe, Gasteizko Hedegile kaleko Zas kultur espazioan. / E. Anda

Kulturan "barrutik" eragiteko, politikara jauzi egin du Iñaki Larrinbek, Podemosen batzarkide modura. Kultura "bazterrean" utzi eta lurraldeko artistak aintzat hartu ez izana leporatu die erakundeei. 

Eskulturak, argazkiak, instalazioak. Askotariko lanak egin ditu Iñaki Larrinbek (Gasteiz, 1967), gazte zela Arte eta Lanbide eskolan hasi zenetik. EHUn Arte ikasketak amaitu, eta ibilbide oparoa egin du geroztik, sorkuntza zein kultura kudeaketa alorretan. TMEO aldizkariko lantaldeko kide eta Amarika asanbladako zein ZAS kultur espazioko sustatzaile moduan aritu da. Kulturagatik duen "kezkak" bultzatuta, gainera, politikarako jauzia egin berri du, Podemosen biltzarkide modura.

ZAS kultur espazioaz hitz egiteko, Amarika asanbladara egin behar da atzera.

Bai, Amarika asanblada izan zen ZAS-en hazia, nolabait. 2008tik 2011 urtera bitartean Aldundiaren hiru areto kudeatzen genituen bertako kideok, Lorena Lopez de Lacalle kultura diputatua zela. Artisten asanblada ireki baten bitartez kudeatzen zen. Ekimen oso kuriosoa zen, ez dut halakorik ezagutzen estatu osoan; erakunde batek artista talde baten esku uztea hainbat areto. Fito Rodriguez, Txaro Arrazola, Natxo Rodriguez... nire belaunaldiko ia guztiak elkartu ginen. Hainbat hilabetez proiektua idatzi eta abian jarri genuen, ondoren hainbat gunerentzat erreferente izan den proiektua. Baina egitasmo hori amaitu zen, PP heldu eta lepoa moztu zigulako: Jaurlaritzak eredutzat jarri zuen proiektu hura bertan behera geratu zen, eta prentsaren bitartez jakin genuen. Handik jaiotako Inmersiones egitasmoarekin jarraitu dugu, ikus-entzunezko artisten lana ikusazteko, baina artisten arteko topaleku bat faltan genuen...

Eta duela bi urte heldu zen ZAS kultur espazioa, Gasteizko Alde Zaharrean.

Bai, topaleku hori behar genuen, arteaz idazten dutenentzako, sortzen dutenentzako, bitartekarientzako, kanpotik etorri eta bertakoekin elkartzen direnentzako. Gasteizen kultura bizitasun hori sortzeko beharrezko da ikus-entzunezkoak ere suspertzea. Gasteizen ez zegoen zentro kulturalik artisten arteko nahasketa hori izateko espaziorik, gure antzera daudenen artean hartu-emana izateko. Arte garaikideko galeriarik ere ez dugu orain, Trayecto itxi zutenetik, eta, beraz, elkartzeko lekurik ere ez dago. Ez dakit zenbat hirik ez duten izango halako galeriarik. Ikus-entzunezkoetan egoera nahiko gaizki dago, egia esan.  

Eta artistek non bilatzen dute lekua?

Jendeak normalean kanpora jotzen du, eta pena bat da, hiri honek beste esparru batzuetan baduelako mugimendua. Son handiko espazio okupatua dugu muinoan, hainbat urte dituen irrati librea, komiki bat, edota espazio okupatu zabalenetako bat... eta hori kultura da, erakundeetatik kanpo sortutakoa. Erakundeetan ikusten ari gara beste gauza "garrantzitsuagoetan" batzuetan dabiltzala... 

Zertan da Kulturako plan estrategikoa?

Diputazioak joan den urtean abian jarri behar zituen 24 ekintzetatik, ez du bat bera ere abian jarri. Besteak beste, artisten inguruko informazio atari bat sortzea aurreikusten zen, formazio programak kulturako jendearentzat, diru-laguntzak... baina geldi dago.     

Eta zergatik da hori?

Ez zaie kultura interesatzen. Kultura politikarik ez izatea ere bada politika kultural bat: jendea entretenitzea dute helburua, euren zabor-lanaz ahaztu daitezen telebista piztuta. Jendeak ikus-entzunezko kultura badu, irudi horiek irakurri ahal izango ditu, lerro artean irakurri ahal izango du, baina ez dute hori nahi.   

"Kultura" kontzeptu desberdinak izango dira, beharbada.

Politikariek badakite noiz egiten duten kulturaren alde eta noiz ez. Egiten dituzten proposamenak antza handiagoa dute errealitatetik "ihes" egiteko proposamenekin, kultura proposamenekin baino. Ez dago ikuskera kritiko bat sortzeko proposamenik; erakundeek ardo azokak, Erdi Aroko azokak eta telebista jaialdiak babesten dituzte... alegia, denbora-pasa. Irudiez inguratuta baldin bagaude, nola da posible ikasketa planetatik desagertzea? Nola da posible telebista jaialdiari kultura plan estrategiko oso bati baino diru gehiago ematea? Horrek guztiak badu helburu bat, noski. Eta horregatik da garrantzitsua kanpotik egitea barrutik egiten ez dena; kanpotik eragin behar zaio kulturari. Garrantzitsuegia da kultura, politikarien esku uzteko.  

Zu ere politikaria zara orain, ezta?

Batzar nagusietan nago, azken hiru hilabeteetatik. Baina kulturan 18 urte nituenetik daramat, eta hori da nire lana.    

Eta barrutik nola ikusten duzu?

Ezinezkoa da. Ez dago modurik, hori zapalgailu bat delako; gure taldeak (Podemos) 35 ekimen aurkeztu ditu kulturan, eta badakizu zenbat atera diren? Zero. Akordio fiskalak elkartu ditu PP, PSE eta EAJ, eta beste guztia berdin zaie. Guk aurrekontuen kontra egin genuenez, enpresei zergak txikitzeko erabaki horren kontra, esaten duguna ez dute aintzat hartzen.

 

Kulturaren Mahaitik planaren jarraipena egiten ari da?

Mahaia erabat desaktibatuta dago. Mahaia erakundeekin bitartekari lanak egiteko sortu zen, eta bi urtez elkarrizketa izan eta gero, bertan behera geratu da. Desagertuta dago erakundeek ez diotelako kasurik egin, eta proposatutakoez erantzunik ere ez dutelako jaso. Esfortzuak erantzunik ematen ez duela ikustean nekatu egiten da jendea, normala den moduan. Gure erakundeek boikoteatu dute Mahaia.

TMEO komiki-aldizkariak, bestetik, aurrera jarraitzen du, 31 urte eta gero.

Publiko txiki baina fidel bati eskerrak. Asanblada bitartez hartzen dira erabakiak, publizitate modulo txikiak bakarrik ditu... eta horrek libreago egiten gaitu. Edukiei dagokionez, ez dago ildo editorialik, eta arazo txikiak egon diren arren, ez gara El Jueves moduko aldizkari handi bat eta ondorioak ere ez dira berdinak. Guztien kontra egiten dugu, eta noizean behin bajaren bat izaten dugun arren, hori da adierazpen askatasuna: zerbaitekin haserretu bazara, ondo dago. Hori baita "politikoki zuzena" izatea, inor molestatu nahi ez izatea; hor ez dago adierazpen askatasunik.

Zentsuran ez da etenik izan, ordea. Santiago Serraren erakusketa, Valtonyc hip-hop abeslaria...

Oraindik ez da ulertzen artea errepresentazioa dela. Adierazpen askatasunak muga batzuk dituela, noski; norbait hiltzea eskatzeko zirikatzen ari bazara, beharbada ahoa itxi behar zaizu. Baina arte lanetan, nola ulertu hori? Fikzioa da! Karikatura da. Pelikula batean norbait hiltzen ari badira ez zaigu okurritzen Poliziari deitzea, ezta?  Aldiz, Maroto moduko alkate bat izan dugu eta ez da ezer gertatu; oso ondo dago adierazpen askatasuna, baina erantzukizuna zeinena da? 

Atzeraldi bat izan da alor horretan?

Bai, uste dut orokorra dela, baina herrialde honetan "dictablanda" batean gaudela uste dut. Mozal Legea hori bera da; min egin zaitzakeen edozein isilaraztea. Hedabideak isilaraztea eta, horri lotuta, kultura bera kontrolatzea. Pentsamenduaren diktadura bat da hori; gobernuari gustatzen ez zaizkion ideiak moztea. Santiago Serraren aferan, ordea, azokak berak zentsuratu zuen erregea bertatik igaro behar zelako, eta galeristak kendu zuen.

Eta erabaki horien aurrean herritarrek duten erantzuna?

Postzentsura nabarmenduko nuke. Auzokideak beraiek dira zentsuratzen gaituztenak, esan duzuna gustuko ez dutelako; eta hori sare sozialetan oso ohikoa da, gutxiengo bati eraso egiten diozulako, zenbait laguni gustatzen ez zaiolako... azkenean ezin duzu ezer esan. Batzuk besteak zentsuratzen ari gara. Interesgarriena uste dut dela zuk esandako hori gustatu ez arren esateko duzun eskubidea defendatzea, baina beste bide batetik goaz... Hemen isiltzea bilatzen dugu; gure baloreak, gure bizimodua indartzen ez duen edozer ez dugu nahi. Facebook-en gertatzen da maiz; biluzi bat sartu eta zentsura dator, askotan lagun artean duzunena ere. Zentsura horizontal hori izugarria da, bertikala bezain arriskutsua, botere publikoetatik datorrena bezain  arriskutsua. Dudarik gabe atzerapauso bat dago. Arteak deserosoa izan behar du.

 

 

Batzar Nagusietara

Iñaki Larrinbek Mari Cruz Polaina batzarkideak utzitako aulkia hartu zuen, joan den azaroan, Arabako Batzar Nagusietan. Podemosen eskutik, kultura alorrean "barrutik" eragiteko nahia adierazi du. Arte Ederrak ikasi zituen, eta kultura arloan hainbat ataletan eta askotariko jardueratan ibili da; horien artean,  aipatzekoak dira TMEO komikirako egindako lanak edota Diario de Noticias de Alava egunkarian eta blogean tarteka idatzitako artikuluak. Artelanen bitartez, egungo gizakiak bizi duen inguruarekin duen harremanaren inguruan hausnartu du; "gizartearen kontsumismoa eta artifizialtasuna" kritikatu ditu hainbat lanen bitartez. Bideoa, argazkilaritza, instalazioak eta bestelako bitarteko teknikoak erabili ditu horretarako. Besteak beste, Atiza, Inmersiones, Gaztearte, Arabako Kulturaren Mahaia eta ZAS kultur espazioetan parte hartu du. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide