Ez da Gasteizko tranbiari buruzko galdeketarik egongo. Hala berretsi zuen astelehenean Gorka Urtaran alkateak, epaitegiaren ohartarazpena ezagutu bezain laster. Uste zuenaren kontra, kontsulta egiteko eskumena duela ohartarazi dio epaileak, baina, hala ere, baztertu egin du Unibertsitaterako luzapenari buruzko iritziak jasotzea, oposizioaren gogoz kontra.
Podemos alderdiak egin zuen, urrian, galdeketa antolatzeko proposamena, eta oposizioko talde guztiek babestu zuten (PPk, EH Bilduk eta Irabazik, alegia). Udal gobernuko taldeek, aldiz (EAJk eta PSEk), ezezkoa eman zioten aukera horri.
Boto gehiago lortuta, beraz, aurrera atera zen galdeketa egiteko proposamena, baina alkateak epaitegira eraman zuen auzia. Zioenez, udal eskumeneko gaien ingurukoak izan behar dira kontsultak, eta tranbia, Eusko Jaurlaritzaren azpiegitura izanik, ez legoke gai horien artean. Hala, galdeketa-prozesua geldiarazteko eskatu zion epaileari. Auto judizialak, aitzitik, ez du halakorik egin, eta ohartarazi du Udalak baduela galdetzeko eskumena.
Oposizioa, kritiko
Hortaz, kontsulta egiteko aukera dauka Urtaranek, baina ez du egingo:"Hiriko proiektu estrategikoak boikoteatu nahi ditu oposizioak, eta ez nago horretarako prest; nahiago dut kritikak jaso, hiria geldiarazi baino". Oposizioko taldeek, aldiz, parte-hartzea galaraztea leporatu diote udal buruari.