Gasteiz Antzokia abian jartzeko "gaitasun eza" leporatu dio EH Bilduk Urtarani

Erredakzioa 2018ko mar. 1a, 11:32

EH Bildu Gasteizek salatu du Urtaranek ez duela emandako hitza bete, obretako kronograma aurkeztean, "talde politikoen eta eragile euskaltzaleen aurrean emandako hitza". 

"2016tik Gasteiz Antzokia martxan jartzeko akordio soziala, politikoa eta aurrekontuak izan arren Urtaranek gaitasun eza eta lidergo falta adierazi ditu beste behin ere euskarak merezi duen tokia emateko. Berriro ere, berak bere buruari ezarritako kronogramaren epeak ez ditu bete, eta martxoan bukatuta egon behar luketen indusketak  oraindik ez dira hasi", salatu du EH Bilduko zinegotzi Ane Aristik.

Gasteiz Antzokiari dagokionez, "lehentasunezko proiektua" dela adierazi du beti Urtaranek, Aristiren esanetan, eta atzerapena "onartezina" dela: "Abenduan egin zen foroan proiektua hiru fasetan egingo zela iragarri zuen. Lehena, indusketa lanak burutzeko hiru hilabetetan egin behar zena. Martxoan gaude eta Eskoriatza-Eskibel etxadian egin behar diren indusketa lan horiek ez dira kontratatu  ere egin”. Ohartarazi du "arriskua" dagoela Gasteiz Antzokia abian jarri gabeko beste legealdi bat pasatzen uzteko.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk Urtarani exijituko dio "kronograma berri bat" aurkeztea epeak azkar ditzan, eta Gasteiz Antzokia atzeratzen ez jarraitzeko "tresnak" dituela berretsi du. "Inorekin kontatu gabe, alde bakartasunetik, ideia-lehiaketa bat deitu zuen eta etsipena sortzeko baino ez zuen balio izan. Martxa honetan, euskara arloan, Urtaran badoa legealdiaren amaiera bere aurretikoak baino balantze negatiboago batekin".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago