Zehazki, hiriburuko 367 udaltzainetatik 250 agentek parte hartu zuen esandako bozketan, eta 164 alde eta 77 kontra agertu ziren; zortzik zuriz bozkatu zuten, eta baliogabe bat ere egon zen .
Onartutako eskaintzak, besteak beste, udaltzainen kopurua handitzea aurreikusten du lan eskaintzen eta promozioen bitartez, eta antolaketa arazoak konpontzeko prozesu bati ekitea ere proposatzen du. Aldi berean, udaltzainek 600 euroko ordainsaria jasoko dute urtean lan kargagatik, eta familia kontzilizazioa erraztu ahal izateko jai hartzea ezinezkoa zuten egunak hamazazpira murriztuko zaizkie. Horrez gain, txanda bakoitzean gutxieneko zerbitzuak ere bermatuko dira.
Lau hilabete
Pasa den urriaren31n ekin zioten udaltzainek arretazko greba egiteari. Hasieran, bereziki, zeresan handia eman zuen horrek herritarren artean eta baita sare sozialetan ere, arau-hauste guztiak, txikienak ere, zigortzen zituztelako. Auto-gidarien eta moto-gidarien portaera desegokiak ez ezik, txirrindularienak eta oinezkoenak ere zorrotz begiratzen zituzten.