Gasteizko Jazz Jaialdiak aurtengo ediziorako lehen konfirmazioak iragarri ditu. The Mingus Big Band, Hudson eta Cory Henry uztailaren 17tik 21era ospatuko den musika jaialdian izango dira.
Hala, lau jazz izarrez osatutako Hudson proiektua izango da Mendizorrotzako oholtzan, uztailaren 18an, bere liderra den Jack DeJohnette bateria-jolearekin. John Medeski teklatuak, John Scofield gitarrak eta Scott Colley baxu-joleak osatzen dute laukotea.
The Mingus Big Band Charles Mingus musikariari omenaldia egiten dion taldea da, eta uztailaren 19an izango da Gasteizen. Hirugarren konfirmazioa, aldiz, Cory Henry funk musikaria da, uztailaren 20an Mendizorrotzan izango dena.
Era berean, XXI. mendeko Jazz saila ere prestatzen ari da Gasteizko Jazz Jaialdia. Aurten, Fabrizio Bosso italiarrak, gaur egungo Europako tronpeta-jole hoberenetarikoak, parte hartuko du.
Hurrengo egunetan programazio osoa jakinaraziko du antolakuntzak, eta martxoaren 19an sarrerak eta abonamenduak salgai egongo dira.