200 lagun inguru elkartu dira iluntzean Andre Maria Zuriaren plazan, Ondarroan bere buruaz beste egin duen nerabe transexuala omentzeko eta transfobia salatzeko. TransBolloMarika Sareak deitu du elkarretaratzea.
Berria Chrysallis elkarteak eman zuen aurreko ostiralean. Ekaik, 16 urteko gazte transexualak, bere buruaz beste egin zuen hilaren 15ean, ostegunean. Ekaik egunero aurre egin beharreko borrokak nerabe batentzat gehiegi izan litezkeela ondorioztatu du Chrysallisek. Erregistroan izen-aldaketa lortzeko, Gurutzetako ospitaleko "genero unitatean" inoiz heldu ez eta behar zuen hormona-tratamendua jasotzeko, edo institutuan bere errealitatea azaldu eta errespetatzeko egin ez zen formakuntza-saioa ematea lortzeko borrokak jarri dituzte adibidetzat. Egunotan, Ondarroan ez ezik, gaztea omentzeko eta egoera salatzeko elkarretaratzeak egin dira Euskal Herriko puntu ezberdinetan.