Ez naiz arrazista, baina...

Koldo Sagasti 2018ko ots. 15a, 12:50

"Segurtasunaren aitzakian Aztegietako bizilagunek eragotzi nahi diote familia horri Alokabidek esleitu dion etxebizitzan sartzea".

Gaur, azken asteotan bezala, manifestazio baterako deialdi xelebrea plazaratu du hiritar talde anonimo batek Gasteizko kaleetan itsatsitako milaka karteletan. Protestaldirako deia ezohikoa dela diot, afixetan ez baitute iragartzen mobilizazioaren zergatia, lelo generiko bezain hutsala baino ez: “Delinkuentziaren aurka”. Ikusle objektibo batek pentsa lezake, akaso, diru-kutxa publikoaren sosak xahutu dituzten ustelkeria kasuen aurkako protesta dela. Baina ez. Esplizituki azaltzen ez badute ere, deialdiaren benetako funtsa oso bestelakoa da: ijito familia bati, Manzanares-Cortestarrei, Aztegieta auzorako sarrera galaraztea. Horrela, argi eta garbi adierazteak, baina, nabarmenegi utziko lituzke antolatzaileen benetako motibazio arrazistak.

Segurtasunaren aitzakian Aztegietako bizilagunek eragotzi nahi diote familia horri Alokabidek esleitu dion etxebizitzan sartzea, eta auzo-patruilak ere osatu dituzte dagokien pisuan sar daitezen ekiditeko. Gaizkileak izatea leporatzen diete, horrela, modu kolektiboan, eta ez horietako baten batek egindako delitu zehatz batengatik, baizik eta ijito izanik balizko delituak egiteko aurreikusten dieten joera genetikoagatik.

Halakoxea da faxismo modernoa, auzo-aldarrikapenez mozorrotzen ditu bere asmo baztertzaileak, eta ezjakintasunez, aurreiritziz eta zurrumurruz elikatzen ditu. Beldurra oparitzen dizute ordainean segurtasuna saltzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago