Salburuko auzo elkarteko presidenteak kargua utzi du

Erredakzioa 2018ko ots. 15a, 09:36

Joseba Martinez de Gereñu Salburua Burdinbide auzo elkarteko presidenteak dimisioa eskatu du, elkartean tranbia eta BRTaren inguruan sortu diren desadostasunak direla eta.

Joseba Martinez de Gereñu Salburua Burdinbide auzo elkarteko presidenteak kargua utzi du, auzoa zeharkatuko duen tranbiaren inguruan elkartean sortu den eztabaida dela eta. Izan ere, batzuk tranbiaren aldekoak dira, tartean, Martinez de Gereñu; baina beste batzuk auzoa eta erdigunea BRTaren bidez lotzearen aldekoak dira. Atzo gauean, Salburua Burdinbide elkarteko batzarrari eman zion bere erabakiaren berri. "Elkarteko bozeramailea izateari utzi diot, baina jarraitzen dutenei laguntzen jarraituko dut Aste Santura arte; orduan guztiz utziko dut elkartea", azaldu du Martinez de Gereñuk.

Datorren otsailaren 21ean auziaren inguruko batzarra egitekoa zen, tranbiaren proiektuari aurkeztutako zuzenketak azaltzeko. Era berean, elkarteko zenbait kidek BRTaren inguruko informazioa eta azterlana ere eskatu nahi zuten. Egoera horrean aurrean, Martinez de Gereñu ez da gai izan bere jarrera defendatzeko; hori dela eta, dimisioa eskatzea erabaki duela adierazi du ohar baten bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago