Miniature Pintxos Congress biltzarraren bosgarren edizioa Gasteizen egiten ari da egunotan, martxoaren 14ra bitartean, eta Argentina izango da herrialde gonbidatua. Miniaturazko sukaldaritzaren eta pintxoen biltzarrak zazpi egunetara luzatuko du iraupena, eta iazko egoitza den Europa jauregiari beste leku batzuk batuko zaizkie: Iradier Arena, Azoka plaza (Abastos fundazioa) eta hiriko zenbait jatetxe.
Dozenaka sukaldari hurbilduko dira Gasteizera, programatutako hitzaldi, erakustaldi, afari, lehiaketa eta jarduera ludikoetan parte hartzera. Besteak beste, Andoni Luis Aduriz, Aizpea Oihaneder, Paul Arrillaga, Samanta Leskes eta Barbara Buanache sukaldariek parte hartuko dute. Webgune ofizialean eskuragai dago biltzarraren egitarau osoa, bai eta jardunaldi profesionaletan zein ludikoetan parte hartzeko izen-emate orriak ere: www.miniature.eus.
Asteburuan, esaterako, "pintxo-barrarik handiena" izan da Iradier Arenan. 30 establezimenduk 3.000 pintxo prestatu zituzten, eta ekitaldia uste baino arrakastatsuagoa izan zen. Ordu eta erdi batean pintxo guztiak amaitu ziren, eta bertaratu ziren bisitari asko mokadurik gabe geratu ziren. Hala, antolatzaileek barkamena eskatu dute, "aurreikuspen falta dela eta".
Datozen egunotan, profesionalen esku geratuko dira jardunaldiak. Martxoaren 14ra bitartean, Miniature Pintxos Congress jardunaldi profesionalak egingo dituzte Europa jauregian.