Lumagorri Heterosexismoaren aurkako taldeak orientazio sexual eta identitate generoarekiko gorroto delituen aurkako tokiko behatokia sortzea eskatu dio Gasteizko Udalari. Izan ere, taldeak emandako datuen arabera, 2017an gora egin zuten Gasteizen LGTBI kolektiboaren pertsonen aurkako erasoek. Behatokiaren helburua eraso hauei erantzun juridiko eta soziala emateaz gain, biktimak laguntzea eta kolektiboa ikusaraztea izango litzateke.
Plataformako bozeramaile Sejo Carrascosak adierazi du gorroto delitu hauei erantzuna emateko EAEn badagoela Berdindu zerbitzua, baina "askotan eskasa" da, eta zenbait kasutan, "ez da existitzen". Zentzu horretan, Gasteizen horrelako erakunde bat sortzeko beharra azpimarratu du. Besteak beste, kasu hauek artatzeko baliabideak urrun daudela azaldu du: "Arreta psikologikorako zerbitzua, adibidez, Bilbon dago, eta gainera ordutegi zehatz batekin. Hortaz, ikasten edo lanean ari bazara, ezin zara joan".