Igandean bueltatuko da Auzo Eszena Gasteizko gizarte etxeetara, bertako antzerki talde amateur eta profesionalen erakusleiho modura. Hilaren 18tik maiatzaren 27ra bitartean, hamabi lan aurkeztuko dituzte, eta beste zortzi udazkenerako gordeko dituzte, urria eta abendua bitartean.
Aldabe, Arana, Arriaga, Ariznabarra, Salburua eta Zabalganako gizarte etxeetako antzokietan eskainiko dituzte lehendabiziko hamabiak. Igandeetan izango dira guztiak, 19:00etan.
Asier Kidam magoaren eskutik helduko da lehenengoa, igande honetan; Sin secretos lana aurkeztuko du Zabalganan. Haren ostean helduko dira Ciro Dido –Soy un triste–, Imperfeccionismo Magico –Mi problema es tu problema–, Latirili –Clandestina–, Abarka taldea –Bar Manolita–, Panico Escenico –La casa de los errores–, Titania Teatro –El secreto del hada–, Juanjo Monago –Los perjuicios del tabaco cuesta abajo–.
Maiatza El Club de los Poetas Rojos poesia taldearekin abiatuko da, hilaren 6an. Eta egitasmoan parte hartuko duen euskarazko lan bakarra aurkeztuko dute maiatzaren 13an: Nisunek Oingoan bai! lana taularatuko du.
Sinquerer Teatroren txanda izango da ostean –Lo siento chicos, no hay función–, eta Tobaco Road blues taldearena azkenik, maiatzaren 27an.
Aurten sei talde edo sortzaile berrik parte hartuko dute egitasmoan, baina gehienek aurretik lan egin dute. Iazko egitasmoan 1.884 lagunek ikusi zuten Auzo Eszenan aurkeztu zituzten 17 lanetako bat.
Gizarte etxeetan eros daitezke sarrerak, hiru eta bost euroan, lanaren arabera.