Olagibelen omenezko xafla jarri dute Plaza Berrian

Erredakzioa 2018ko ots. 9a, 12:33

Olagibel arkitektoaren omenezko xaflaren inaugurazioa.

Urrira bitartean, arkitekto gasteiztarra hil zeneko bigarren mendeurrena ospatzeko egitaraua antolatu dute; tartean, haren obrak ezagutzeko bisita gidatuak.

Justo Antonio Olagibel hil zeneko bigarren mendeurrena ospatzeko, arkitekto gasteiztarra omentzeko xafla jarri dute Plaza Berrira sartzeko arkuan (Andre Maria Zuriaren plazan). Gaur goizean inauguratu dute, Gasteizko Udaleko ordezkariek Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko lehendakari Luis Gomez Puenterekin batera. Horrez gain, arkitekto neoklasiko ezaguna omentzeko programazioa  aurkeztu dute, urriaren 1era arte luzatuko dena.

Gorka Urtaran alkateak hiriaren esker ona agertu du, "arkitektoaren talentuak hiriari eman dion guztiagatik". Besteak beste Arkupeak, Plaza Berria, Armentiako Santuaren Etxea, Brigidatarren komentuaren ataria eta Arriagako elizako kanpandorrea dira Olagibelen lanak.

"Olagibel bere garaiko arkitekturaren erreferente bihurtu zen; berak sartu zuen Euskal Herrian neoklasikoa berria. Adituen arabera, plaza Berria Europako nabarmenenetakoa da, estilo horretakoen artean. Gainera, jarraian egin zituen Arkupeekin batera osatzen duen multzoa Erdi Aroko hirigunea eta XIX. mendeko zabalgunea elkarren artean lotzeko konponbide aparta da", esan du alkateak.

Bisita antzeztuak

Bihar bertan hasiko dira arkitekto gasteiztarra omentzeko jarduerak, Juanjo Monago aktoreak egingo duen aintzatespenarekin. Eguerdiko 12:00etan izango da, Arkupeetan.  Otsailaren 19an eta 20an hitzaldi-zikloa egingo da Goiuri jauregian, arkitektura alorreko zenbait adituekin.

Otsailaren 24an eta 25ean, aldiz,  Olagibel eta haren lanaren elementu nagusiei buruzko bisitaldiak egingo dira, gidatuak eta antzeztuak. Turismo Bulegoan erreserbatu daitezke horietan parte hartzeko lekuak. Apirila eta ekaina bitartean argazki eta agiri erakusketa bat egongo da ikusgai Montehermoso kulturunean. 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago