Herri inauteriak Gasteizera ekarriko ditu 'Indarteriak' ikuskizunak

Erredakzioa 2018ko ots. 6a, 07:00

Otsailaren 9an, Indarra dantza taldeak Kimuak. Iñauzi eta berriak hasi ikuskizuna eskainiko du Andre Maria Zuriaren plazan.

Ate joka daude aratusteak. Araban ospe handiko herri inauteriak egiten dira, besteak beste, Gorbeialdean, Mendialdean edo Lautadan. Baina Gasteizen ere bada euskal folklorean eta herri horietan oinarritako ekimenik; Indarra Euskal Kultur Elkarteak, esaterako, Indarteriak izeneko ikuskizuna antolatu du azken hiru urteotan. Aurten, otsailaren 9an egin du hitzordua, Kimuak. Iñauzi eta berriak hasi lemapean.

Euskal kultur elkarteko kide Maitane Fernandez de Retanak azaldu du formatua mantentzen baldin bada ere, saio berria ikusteko aukera izango dutela ostiralean, Andre Maria Zuriaren plazan, 21:00etan, elkartzen direnek. Carlos Ortiz de Zarate apaizak idatzitako liburu bat eta Arabako Herri Inauteriak elkarteko presidente Lurdes Lekuonak emandako informazio osagarria izan dute oinarri ikuskizuna prestatzerakoan.

Sustraiak, abiapuntu

Horrekin lotuta, honakoa aipatu du: "Saiatu gara herri inauterien sustraiak hartzen eta gurera ekartzen. Bertan, urtean zehar gertatutakoak erre edo iñauzi egiten dira, berriak hazi daitezen. Momentu kaotikoa egongo da, dena mozorrotuko da. Baina, gehiago jakitea nahi baduzue, etorri ikusten". Denera, 90 lagun inguruk hartuko dute parte.

Fernandez de Retanak aipatu du prestatze "lan handia eta luzea" dagoela ikuskizun horren atzetik: "Urrian hasi giren biltzen; gero musika lortu eta koreografiak sortzen eta entseatzen hasi ginen. Buru-belarra gabiltza egunotan ere ostiralean dena ondo atera dadin", esan du. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago