Arrazoia eman diote Udalari, FCCrekin duen garbiketa kontratuaren auzian

Erredakzioa 2018ko urt. 30a, 09:53

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak erabaki du FCC-k eta GMSM-k osatutako aldi baterako enpresa-elkarteak bere gain hartu behar duela antzinatasunen, erretiro aurreratuen sarien eta absentismo egunen ordainketa.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak arrazoia eman dio Gasteizko Udalari, FCC-k eta GMSM-k osatutako aldi baterako enpresa-elkartearekin hiria garbitzeko duen kontratuaren auzian. Batzordeak erabaki du enpresa-elkarteak bere gain hartu behar dituela batez besteko antzinatasunak, erretiro aurreratuen sariak eta absentismo egunak. Garbiketa enpresak gastu hauek ordaintzeko eskatu zion Udalari, ia 1,7 milioi euro inguru, bere esanetan, kontratua ez zelako errentagarria. Orain, Batzorde Juridikoak esan du enpresak hasierako eskaintzan gastu hauek aurreikusi behar zituela.

Hala, enpresa-elkarteak erabaki beharko du kontratuari eusten dion ala ez Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak ezarri dituen baldintzak aintzat hartuta. Aurrera egitea erabakitzen badu, kontratua normaltasunez beteko da. Kontratua bideraezina dela uste badu, ostera, Udalak bertan behera utziko du, inolako kalte-ordainik ordaindu gabe, eta enpresa-elkarteak zerbitzua ematen jarraitu beharko du beste kontratista bati esleitu arte. Kontratua apurtzeak ez luke inolako kosturik izango Udalarentzat. 

Bestetik, garbiketa zerbitzuaren kudeaketa zuzena baztertu du Udalak. Era berean, Ingurumen Saileko koordintzaile Alvaro Iturritxak langileen beste greba bat baztertu du, azken hilabeteetan beharginen eta enpresaren arteko harremana bere onera etorri delako.

Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren txostena kontutan hartzeaz gain, EH Bildu udal taldeak FCC ikertzeko kontu-ikuskaritza martxan jartzea eskatu dio Udalari. Zehazki, "udalarentzat FCCrekin egon diren kontratuen gainkostua zenbat milioikoa den kuantifikatzeko" ikerketa eskatu du EH Bilduko zinegotzi Aitor Miguelek. Era berean, garbiketa zerbitzuaren kudeaketa zuzena aukera onena dela azpimarratu du: "hondakinen multinazional honen azpijokoen menpe ez egoteko bide bakarra kudeaketa zuzena da".

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago