Fikziozko arketipo batetik –Carmen– eta egiazko beste batetik –Shakespeare– abiatuta, maitasuna jorratzen du Artiumek aurkeztu berri duen erakusketak. Era askotako instalazio eta bideo-instalazioen muntaketa konplexu eta labirinto itxurazkoarekin, maitasunari lotutako hainbat gai jorratzen dituzte bidean: sedukzioa, gatazka, deriba eta, azkenik, heriotza.
Olga Mesaren eta Francisco Ruiz de Infanteren proiektua ibilbide desberdineko bi artistaren elkarrizketaren eta aurrez-aurrekoaren emaitza da. Azaldu dutenez, asmoa izan da lurralde artistiko desberdinen mestizajearen bidez, harreman pertsonalen alderdi ugariren ikuspegi bat osatzea. Antzerkigile ingelesaren maitasun-sonetoak eta Bizeten operaren soinu iradokitzaileak dira abiapuntua, labirintoan murgiltzeko atea: "Proposamen hibrido bat da, maitasunaren eta giza-harremanen inguruko kontuak jorratzen dituena, haiek anplifikatzen, isilarazten edota areagotzen direna, teknologiaren bidez sortzen direnean".
Hilaren 26tik maiatzaren 1era arte izango da erakusketa, Artiumeko Iparra aretoan. Eta erakusketa egon bitartean, gainera, hainbat ekintza egingo dituzte egileek: performanceak, hitzaldiak eta eszena-muntaketak tartean.