Esanahiz betetako baloia darabil Gasteizko Miaukatuz boleibol-taldeak. Zelaian, tresna bat da LGTBI pertsonen eskubideak defendatzeko , sexu-orientazio aniztasuna aldarrikatzeko eta genero-pluraltasuna ikustarazteko. Duela hiru urte jaio zen kirol kluba, eta datorren asterako hitzordu jendetsu bat antolatu dute, boleibola eta sagardoa osagai: Sagardovolley txapelketa.
Nola sortu zen Miaukatuz taldea?
2014an jaio zen, Gasteizen LGTBI taldearentzako harreman-tokiak desagertzen hasi zirelako (batez ere, tabernak). Bazegoen nolabaiteko hutsune bat gure artean topatzeko eta elkartzeko. Orduan, Panteras Grogues Bartzelonako taldearen ideiari helduta, Gasteizen ere halako bat sortzeko ideia izan zuten bostpasei lagunek. Sare sozialen bidez zabaldu zuten deialdia, eta taldea osatzen lortu zuten. Topagune bat sortu nahi zuten, eta, aldi berean, gehienontzako berria zen kirol bat praktikatu. Boleibolaren bidez, beraz, elkargune berria sortu dugu.
Sagardovolley txapelketa antolatu duzue otsailaren 2tik 4ra. Zertan datza?
Iaz lehen aldiz antolatu genuen, eta aurten bigarren edizioa egingo dugu. Klub txikia gara, baina, beste hiri batzuetan txapelketak antolatzen zituztela ikusita, gu ere halako bat antolatzera animatu ginen. Iazko esperientzia oso ona izan zen, eta aurten prestatuagoak gaude, bai boleibolean hobeto jokatzeko, baita txapelketa hobeto antolatzeko ere.
Balore zehatz batzuk transmititu nahi dituzue, ezta?
Hala da. Klubera gerturatzen den jende berriari esaten diogun moduan, Miaukatuz ez da bakarrik kirol klub bat; bertan parte hartzeak nolabaiteko inplikazioa dakar, ez bakarrik LGTBI pertsonen eskubideen defentsan, baizik eta, oro har, kirolean ematen den gorrotoaren aurka ere. Esplizituki LGTBI taldearen alde egiten dugu, gehiengoak homosexualak garelako, baina, oro har, tolerantzia eta berdintasuna defendatzen ditugu; zentzu horretan, integrazio totala lortzeko asmoa dugu. Oso harro gaude. Talde txikia gara, eta asko dugu egiteko, baina, pixkanaka, sentitzen dugu espazio txiki bat sortzen ari garela, eta batek daki etorkizunean zer lortu dezakegun.
Kirolaren munduan LGTB-fobia oso errotuta dago. Zuen taldea gune seguru gisa bizi duzue?
Guztiz, eta ez bakarrik LGTBI taldearentzat. Gurea bezalako beste klub batzuek antolatutako txapelketetara joaten garenean ere, topagune hori guztiz segurua dela sentitzen dugu; elkarren babesa dugu.
Zergatik boleibola?
Batez ere, taldean bagenuelako kide bat boleibol entrenatzaile izandakoa, David Miguel Martin. Bestalde, talde harremanak garrantzitsuak dira kirol honetan. Ezin duzu bakarrik jokatu. Ezin zara taldeko izarra izan. Besteak behar dituzu une oro. Talde-osagai handia du boleibolak.
Zer egoeran dago zuen kirola Araban?
Ez dut asko kontrolatzen, duela gutxi sartu nintzelako taldean, baina badaude talde dezente, bai gazteena, bai helduena; baita Arabako Boleibol Federazioa ere. Bestalde, gure taldea ADI federazioaren parte da [AgrupaciÛn deportiva ibÈrica LGTB]. Beste hiri batzuetan, klub oso handiak daude. Madrilen, adibidez, Olinpiadak antolatu zituzten iaz... Gu ere saiatuko gara agian beste kirol batzuekin.
Zer antolatu duzue Sagardovolley-rako?
Otsailaren 2an, ostiralean, jokalarien harrera egingo dugu, Alde Zaharreko La Cassette tabernan. Poltsa batzuk emango dizkiegu jokalariei, txapelketako eta Gasteizko informazioarekin. Hurrengo egunean, larunbatean, txapelketa egingo dugu 09:00etatik 15:00etara Aranalde kiroldegian. Ondoren, La Posada del Duende tabernan bazkalduko dugu, Santiago kalean. Arratsaldez hiria hobeto ezagutzeko aukera izango dugu, eta, eguna amaitzeko, Aramaioko Iturrieta Sagardotegian afalduko dugu denok. Igandean, turismo pixkat egiteko aukera izango dute parte-hartzaileek.
Sagardovolley txapelketa, otsailaren 2tik 4ra
Otsailaren 2tik 4ra, boleibol txapelketa inklusiboa antolatu du Miaukatuz talde gasteiztarrak. Guztira, Valentzia, Zaragoza, Madril, Bartzelona eta Paristik iritsitako hamar talde lehiatuko dira Aranalde kiroldegian.Larunbat gauean Aramaioko Iturrieta sagardotegian ospatuko dituzte garaipenak eta porrotak. |