Salburuan, tranbiaren erraila eztabaidan

Anakoz Amenabar 2018ko urt. 17a, 13:51

Tranbiak Salburua auzoan egingo duen ibilbidea. Irudia: ALEA

Salburuko tranbiaren proiektua aurkeztu dute, eta alegazioak egiteko tartea ireki; tranbia albo batetik beharrean, kalearen erdibidetik joateak "kalte gutxiago" eragingo lituzkeela uste dute auzokideek.

2021. urtean abian jarri nahi dute Gasteizko tranbiaren ekialdeko  adarra; bi urteko lanen ostean elkartuko dira erdigunea eta Salburua auzoa. Tarte horretan, Florida kalea, Iliada Ibilbidea eta  Salburuko Bulebarra kaleak itxuraldatuko ditu, noranzko bakoitzeko bi bide hartu eta 162 aparkaleku kenduko ditu.

Bideak bost geltoki izango ditu, 2,4 kilometrotan: Santa Lucia, Gizarte Etxea, Nicosia, Salburua eta Juan Carlos I. Urte amaieran esleituko dute proiektua Eusko Jaurlaritzak, Arabako Aldundiak eta Gasteizko Udalak; horretarako 32,2 milioi euroko aurrekontua izango da. 

Angulematik abiatuko da tranbia, eta lehendabiziko geltokia Florida kalean egingo du, Ekialde ikastetxearen alboan, ezkerreko bidetik joanez. Salburuko gizarte etxean egingo du bigarren geldialdia, Iliada  Ibilbidea igaro ostean. Ezkerrera egin, eta Salburua Bulebarrean sartuko da tranbia Nicosia geltokira bitartean, Valetta kalearekin bat egiten duen bidegurutzean. Beste 430 metro egingo ditu laugarren geltokira arte, La Union plazan. Salburua Bulebarretik aurrera egin eta Brusela Hiribidearekin elkartu ostean, 550 metro egingo ditu Juan Carlos I-era heldu arte, Salburuko hezeguneetatik gertu.

Auzokideen aurrean

Egitasmoaren inguruko zehaztasunak asteartean aurkeztu zituzten Salburuko gizarte etxean, Mugikortasun Elkarguneak eta Auzoguneak deituta. Euskal Trenbide Sareak (ETS) aurkeztutako egitasmoa oinarri, horrek eragin ditzakeen "kezkak" jarri zituzten mahai gainean. ETS-ko teknikariekin batera, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak eta Antonio Aiz Azpiegitura sailburuordeak eman zituzten azalpenak.  

Besteak beste, proiektu horrek sor ditzakeen kalteak jarri zituzten mahai gainean, gizarte etxean bildu ziren 70 bat auzokideren aurrean. Urtaranek tranbia defendatu zuen, eta auzoak lotzeko eredu "moderno eta iraunkorra" dela esan zuen.

Tranbia, erdibidetik 

Trafikoa auzoan nola egokituko den eta ingurumenean nolako ondorioak izango dituen izan ziren bileran agertutako kezka nagusiak, bertan eztabaidarako tarterik izan ez zen arren. "Proiektuari buruzko azalpenak entzun ditugu, eta orain auzokideen artean sakonago aztertzea dagokigu", azaldu dio ALEAri Ioseba Martinez de Gereñu Salburua Burdinbide elkarteko bozeramaileak.

Halere, proiektuari egingo dioten ekarpenen artean tranbiaren  kokapenaren inguruko alegazioa aurkeztuko dutela gogoratu du. Otsailaren 7ra arte izango dute horretarako tartea. Auzokide elkartean aztertutakoaren arabera, tranbia aukeratutako kaleetako alboetatik joan beharrean medianatik, erdibidetik, joatea proposatu dute: "Alboko errail batetik joateak kalteak eragin ditzake trafikoan. Erdibidetik sartzeak trafikoa arinduko luke kale horietan". Erabaki batek zein besteak onurak eta kalteak dituela aitortu du, "baina ondo aztertu ondoren, uste dugu erdibidetik joateak eragingo dituela kalte gutxien".

 

Hasi dituzte tranbiaren lanak hegoaldean

Salburuko proiektuari buruzkoak lotu bitartean, abian dira Gasteiz erdigunea eta campusa lotuko dituen tranbiaren lanak. Asteazkenean hasi zituzten Gasteiz hegoaldeko tranbia sarea osatzeko prestaketak, Jaurlaritzak ofizialki joan den azaroaren 28an jakinarazi zuen arren. Luzapenak 1,4 kilometroko bidea izango du, Angulema eta Domingo de Aragon kaleen artean. 

Hainbat auzokide horren kontra agertu dira, eta protesta egin zuten astearte arratsaldean, Salburua auzoko gizarte etxean tranbiari buruzko argibideak ematen zituzten bitartean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago