Gervasio Sanchezen 'Sarajevo, gerra eta bakea' erakusketa, Montehermoson

Erredakzioa 2018ko urt. 15a, 13:23

Gervasio Sanchez argazkilariak Sarajevon hartutako argazkia, 1992 eta 1994 urte bitartean.

Gerra garaiko eta egungo Sarajevo erakusten du 50 argazkiren bitartez. Otsailaren 8an, prentsa-argazkilariak hitzaldia eskainiko du.

Gervasio Sanchez prentsa-argazkilariak Bosniako gerraren sarraskia erakutsiko du Montehermoson, Sarajevo, gerra eta bakea erakusketaren bidez. Horretarako, 50 irudiz baliatuko da: horien erdia gerra garaian hartutakoak dira, eta beste erdia, duela urte gutxi. Argazkiak 25 diptikotan banatuta daude: batetik, Sarajevon 1992tik 1994ra bitartean hartutako zuri-beltzeko argazkiak ageri dira, eta bestetik, leku horiek bake garaian, hamabost urte geroago, horien bila joan baitzen argazkilaria.

"Bosnia eta Herzegovinako gerra nire bizitza profesional eta pertsonalaren zati bereizezina da. Ia egunero datorkit oroimenera gatazka hura", dio Sanchezek. "Han ikasi nuen gerra ezin dela kontatu. Boligrafoa estutzen, irudimena zorrozten edo errealitatea enkoadratzen nahi beste ahalegin eginda ere, inoiz ez duzu lortuko irakurlea gatazka armatuaren egiaz jabetzea". 

Bosnia eta Herzegovinako gerran, 250.000 bosniar hil edo desagerrarazi zituzten, eta horietako 16.000 adingabeak ziren. Bi milioi eta erdi biztanlek (populazio osoaren %60) utzi behar izan zituzten beren etxeak, garbiketa etnikoaren erruz. 

Gervasio Sanchezen hitzaldia

Erakusketa urtarrilaren 19tik otsailaren 11ra bitartean egongo da ikusgai Montehermoso kulturunean. Otsailaren 8an, Gervasio Sanchez bera izango da Gasteizen, Los ojos de la guerra hitzaldia emateko (19:00etan). Euskal Fondoak eta Gasteizko Udaleko Lankidetza Zerbitzuak antolatu dute erakusketa, Bosniako gerraren hasieraren 25. urteurrena dela eta.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago