Gorka Urtaran alkateak Udalak 2018an Memoria Historikoa berreskuratzeko egingo dituen ekintzak aurkeztu ditu. Tartean, frankismoaren biktima gasteiztarrak omentzeko eskultura jarriko dute. Terrorismoaren Biktimen Oroitzapenezko Zentroaren ondoko plaza batean ipintzea proposatu du alkateak. Eskultura hori martxoaren 31an inauguratuko dute, izan ere, data horretan Teodoro Gonzalez de Zarate alkatea eta beste hamabost pertsona fusilatu zituzten. Egun hori, gainera, biktimak omentzeko eguna deklaratu du alkateak.
Horrez gain, informazio xaflak jarriko dituzte fusilamenduak egon ziren lekuetan; Santa Isabel hilerrian, Bake kalean garai batean kartzela egon zen lekuan, Karmengo komentuaren kanpoaldean edo Sagrado Corazon ikastetxean. Plaza Berrian, esaterako, Antonio Peral Maza eta Vicente Lopez de Lacalle Erauskin oroitzeko beste xafla jarriko dute; hegazkin batek Plaza Berrian 1936an izandako istripuaren ondorioz hil zirenak. Era berean, zenbait sinbolo frankista testuinguruan kokatzeko xaflak ere jarriko dituzte; Katedrale berrian, Olagibel kaleko Gobernu Ordezkariordetzan eta Olarizu mendiko gurutzean.
Halaber, Faustino Ortiz de Zarateri kendu egingo zaio eman zioten zilarrezko domina, eta Luis Orgazi hiriaren seme kutunaren izendapena, Franco jeneralarekin batera altxamendu militarrean aktiboki parte hartu baitzuen.
Oposizioa, kritiko
EH Bildu udal taldeak ez du begi onez ikusi biktimak oroitzeko eskulturaren kokapena. "Urtaranek bat egin du Espainiko gobernuaren tesiekin, ehen eta bigarren mailako biktimak zehazten dituztenak. Batzuk museo barruan izango dira, besteak, kalean. Akats honek ez du laguntzen biktima guztien aitorpen inklusiboa sustatzen, eta honek frankismoaren milaka biktimen memoria mespretxatzen du", azaldu du Ane Aristi EH Bilduko zinegotziak.
Irabazi udal taldea ere kritiko agertu da gaur alkateak iragarritakoarekin. Irabaziko zinegotzi Oscar Fernandezen arabera, alkateak onartu duen dekretuak ez ditu kontuan hartzen izen frankistak dituzten kaleen inguruko proposamenak. "Zuzenean ez ikusiarena egin du, kontuan hartu gabe txostenak kale hauetan zerbait egin behar dela zehaztu arren". Gainera, gaur proposatu diren ekintza hauek guztiak nola ordainduko diren galdetu du Fernandezek, "aurrekontuan ez baitago aurreikusita Plana betetzeko diru-sailik".