'Priscila', Tanttaka eta El Brujo izango dira Principal Antzokian

Erredakzioa 2018ko urt. 8a, 15:15

Kabia taldeak 'Alicia despues de Alicia' lana antzeztuko du, Felix Petite antzokian.

Principal antzokiak mendeurrena betetzen duen urtean, 72 ikuskizunek osatuko dute negu-udaberriko programazioa.

Antzoki Sarearen neguko eta udaberriko denboraldia aurkeztu dute gaur. Guztira, 72 ikuskizun eskainiko ditu, otsailetik ekainera bitartean. Antzerkia, dantza, musika klasikoa, popa, flamenkoa, beste musika mota batzuk, umorea, zirkua eta familientzako proposamen ugari ikusi ahalko dira. Protagonista anitz izango ditu, besteak beste, Aitana Sanchez Gijon, El Brujo, Dani Mateo, Barbara Lennie, Ariadna Gil, Carmen Machi, Carmelo Gomez eta Maria Barranco. Aurten, gainera, berezia izango da, Printzipal Antzokiak mendeurrena beteko baitu.

Ekoizpen euskaldunei dagokionez, lau izango dira euskaraz eskainiko diren obrak: Oxido (Pez Limbo), Dublindarrak (Ados teatroa), Giltzadun etxea (Tanttaka) eta Sherezade eta tipularen azalak (Vaiven teatroa- Chapito). Horrez gain, Oreka TX taldeak bere lan berria aurkeztuko du, Tosta izenekoa.

72 ikuskizun, ekainera bitartean

Programatutako 72 proposamenetatik, 58 ikuskizun Principal antzokian eskainiko dira, eta beste hamalau, gizarte etxeetako antzokietan. Estatuko zein bertako ekoizpen nagusiak etorriko dira, zuzendari handien eskutik, hala nola Miguel del Arco, Carme Portacceli, Alex Rigola eta Yayo Caceres, eta aktore ezagunek antzezturik: Aitana Sanchez Gijon, Barbara Lennie, Ariadna Gil, el Brujo, Carmen Machi, Carmelo Gomez, Pepon Nieto, Maria Barranco eta abar. Era berean, Dani Mateo, Jorge Blass eta Sergio Dalma pasako dira Gasteizko oholtzatik.

Ikuskizun nabarmenen artean Priscila musikala aurkitzen da; orotara, zazpi emanaldi eskainiko  dituzte Gasteizen, otsailaren 22tik 25era.

Salmenta, urtarrilaren 25etik aurrera

Urtarrilaren 25ean hasiko da abonamenduen salmenta, leihatiletan, telefonoz eta Internetez. Hilaren 25ean, 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:30era; 26an eta 27an, berriz, arratsaldez bakarrik. 

Ondoren, abonamendu irekia erosi ahalko da, lau eta hamabi ikuskizunetarako (leihatilan eta telefonoz bakarrik); urtarrilaren 29an, 10:00etatik 20:30era, eta urtarrilaren 30ean, 10:00etatik 13:00etara eta 18:30etik 20:30era. Otsailaren 1etik aurrera, leihatilako ohiko ordutegian. Urtarrilaren 31n, salmenta hasierako ordutegi berezia izango da,  10:00etatik 20:30era. Interneteko salmenta goizeko 10etan hasiko da. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago