Gaurtik hasi eta ostiralera bitartean izango da 150 gr. jaialdia. Gorbea-Zaldiaran Azoka eszenatoki bezala hartuta, diziplina askotariko hamabi pieza labur aurkeztuko dituzte. Hala, 18:30etik 21:00etara izango dira ikuskizun bakoitzeko emanaldiak. Tartean, antzerkia, dantza, performance-a eta txotxongiloak ikusteko aukera izango da.
Jaialdi honek 2011. urtetik darama hiriaren espazio publikoa okupatzen eta berrasmatzen, kultur ekintzen bidez txikizkako merkataritza sustatzeko asmoz. Paloma Hurtado, Mikel Losada edo Diego Perez antzezleek parte hartuko dute, besteak beste, Dakini eta Herodes ikuskizunetan.
Sarrerak, azokan salgai
Egunean bertan eskuratu ahal izango dira ikuskizunetarako sarrerak, Gorbea-Zaldiaran Azokan. Jaialdiaren bonua erosteko aukera dago, 25 euroan, baita egun bakoitzeko sarrerak erosteko ere. Bakoitzak lau euroko prezioa izango du, baina bi hartzen badira, prezioa sei eurokoa izango da, zortzi eurokoa hiru badira, eta hamar eurokoa lau sarrera erosten badira.