Peter Pan musika-ikuskizunak elkartuko ditu Udal Musika Banda, Musika, Arte eta Prozesu Institutua (MAP) eta Autismo Araba elkartea. Oraingoan ere, musikak eraitsi ditu gizartean maiz izaten diren hormak, eta haren bitartez ikasturte batez gizarte-inklusioko proiektu batek batuko ditu. Principal antzokian eskainiko duten kontzertu handi batekin amaituko dute, maiatzaren 20an, urtean zehar landutakoa.
Joan den irailean jarri zuten abian egitasmoa. Harreman eta komunikazio fase batekin eman zioten hasiera. Taldeko kideak Musika Etxera joan ziren bisitan, eta Udal Bandako zenbait musikari boluntario izan ziren Autismo Arabak Gasteizko Landaberden duen egoitzan; AEN Autismoaren Espektroko Nahasmenduekin lan egiten dute han, bertan diren gazteen autononomia pertsonalera bideratutako proiektuekin. Familien aldarrikapen garai luze baten ostean, 2008an ireki zituen ateak Landaberdeko eguneko zentroak.
Joan den astean
Hain zuzen, joan den asteartean lehen faseko azkeneko bisita egingo zuten bi klarinete-jotzailek, tuba-jotzaile batek eta tronpeta-jotzaile batek. Eta, Gabonen ondoren, bigarren fasea hasiko dute. Autismo Arabako eguneko zentroko musikoterapeutek eta gainerako langileek buru-belarri ekingo diote azken ikuskizuna prestatzeari. Zehazki, Ferrer Ferran konpositorearen Peter Pan lana oinarri hartuta, Creando y recreando Peter Pan obra antzeztuko dute. Principal antzokian eskainiko dute, Familientzako Musika zikloaren programazioaren barruan, Udal bandaren zuzendariondoko Iker Olazabalek gidatuta.
Urrezko amaiera jarriko diote kontzertuarekin, baina parte hartzen duten taldeak dagoeneko esperientziak partekatzen ari dira, eta musika pentsatzen, eztabaidatzen, erabakitzen eta sortzen, hainbat lagunen partaidetzarekin.