Gabonak 2017

"Lehenengo pausua kontzientzia hartzea da"

Erredakzioa 2017ko abe. 21a, 14:50

Zuriñe Estivariz eta Ion Ander Areses.

Alea FMn izan dira Euskal Eskola Publikoko irakasle eta 7menos20 talde lesbo feministaren kide Zuriñe Estivariz eta Medicus Mundi Arabako kide Ion Ander Areses. Gabonetako jaiak suposatzen duten kontsumo ereduaren eta jostailuak eta generoaren erabileraren inguruko gogoeta egin dute.

Gabonak ate joka daudela, jostailuz eta askotariko eskaintzaz jositako katalogoz betetzen dira etxe gehienetako atariak. Egun hauetan erosketak egiteko joera areagotzen da, eta horrek, egungo kontsumo ereduaren inguruko hausnarketa egitera eramaten gaitu.

Oraindik ikusten ditugu jostailu katalogo asko mutil eta neskentzako atalak desberdinduz, kolore urdinez eta larrosaz.

Zuriñe Estivariz: Urteko garai honetan mota horretako katalogo asko topatzen ditugu, eta konturatzen gara uste genuena baino gutxiago aurreratu dugula. Ez da kasualitatea mutilen jostailuak eta nesken jostailuak banatuta egotea; azkenean sistema bitar batean bizi gara, non emakumeak eta gizonak beharrezkoak diren sistema kapitalista hau sustengatzeko, eta hori txikitatik oso ondo sartzen digute. Era berean, ez da kasualitatea bakarrik neskei erakusten zaizkien jostailuak arrosak izatea, zaintzetara bideratuta baitaude. Horrekin guztiarekin ikusten dugu oraindik asko dagoela egiteko.

Ion Ander Areses:  Jolasak sexistak dira oraindik. Gabonetan, batez ere, hori nabarmendu egiten da. Zentzu horretan, alternatibak daudela gogoratu behar dut. Esaterako, jolas kooperatiboak, non gizon eta emakumeen rol tradizionalak hausten diren. Emakume historikoak mahai gainera ekartzen dituzten jolasak daude. Garrantzitsua da emakume zapaldu eta ezkutu horien istorioak eta egindako ekarpenak txikitatik erakustea, eta horiekin ere jolastea.

Zer egin dezakegu eredu horri buelta emateko?

Z. E.: Lanean jarraitu. Aurreko batean, Toy Planet jostailu dendaren katalogoa ikusi nuen. Egia da ez dela beste munduko gauza bat, baina aldatzen hasi dira: neskenak direla esaten diguten jostailuekin jolasten agertu dira mutilak. Dena den, ez da katalogoa, jostailuak baizik. Jostailuak dira kolorea daukatenak, eta jostailuak dira banatuta daudenak. Hori salatu behar dugu. 

Eredu sexista horren tranpan erortzea erraza da?

Z. E.: Bai. Baina beste aukera batzuk behar ditugula uste dut. Adibidez, ezagutzen ditut generoa familiekin lantzen duten haur eskolak, eta pertsona horiek, jostailuak erosterako orduan, zerbait planteatuko dutela uste dut. Alternatiba horietan jarri behar dugu arreta, bai kopiatzeko bai beste modu batzuk ikasteko, eta guk ere egiteko.

Zein da eredu honek duen eragina jendartean? 

Z. E.: Oso gogorra da. Azkenean Gabonak heltzen dira, eta denok opariak egin nahi ditugu. Gainera, ume bat ez du bakarrik bere familiak hezten; eskolak, telebistak edo gizarteak hezten du ere. Oso zaila da jendeari esatea nolako opariak egin behar dituen, eta horri buelta eman behar zaio.

Urteko garai honetan ematen den kontsumo maila izugarri hau nola definituko zenukete?

I. A. A.: Kontsumo eredu honetan bakarrik irizpide batzuk hartzen ditugu kontuan. Hau da, prezioan edo kantitatea begiratzen dugu, baina ez dugu aipatzen oparien kalitatea eta zer dagoen produktu horien atzean. Zentzuzko kontsumotik azpimarratu nahiko nuke beste parametro batzuk begiratu beharko genituzkeela. Esaterako, zer nolako ingurumen-inpaktua izan duen opari horrek, edo nork ekoiztu duen eta zer ekoizpen baldintzatan. Zentzu horretan, Gabonetan ere bidezko merkataritza eta kontsumo arduratsua beharrezkoak direla uste dut. 

Zerk eramaten gaitu zentzurik gabe kontsumitzera? Nola erortzen gara putzu horretan?

I. A. A.: Gizarte neoliberal eta kapitalista batean bizi gara, matxista eta patriarkala dena, eta Gabonak dira guzti hori goreneko mailan jartzen den garaia. Sistemak baditu momentu zehatzak, geroz eta maizago ematen direnak, non publizitatearen bidez, egunero jasotzen ditugun kontsumitzeko gonbidapenak. Mezu horiek azpian dagoen beste mezu bat dute: zenbat eta gehiago izan, zoriontsuagoak izango gara. Hor dago publizitatearen tranpa, eta denok dugu hori pixka bat barneratuta. Noski, badaude kontzienteagoak diren pertsonak, baina azkenean horretan hezi gara. 

Jendartean txipa aldatzeko beranduegi dela uste duzue? Eredu honi buelta ematea posible da?

Z. E.: Inoiz ez da berandu, baina bidea ez da inoiz erraza izango.

I. A. A.: Nire ustez, gakoa eskolan eta hezkuntzan dago, eta baita eskolatik kanpo ere. Argi izan behar dugu kontsumoa ekintza politikoa dela, eta kontsumoaren bitartez gure gizartea eraldatu dezakegula. Esaterako, bidezko merkataritzan, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko soldata berdinaren arteko apustua dago. Bertako produktuak erosita, emakume ekoizleen duintasuna eta lan-baldintzak bermatzen dira. Batez ere, kontzientzia hartzea da lehenengo pausua, eta ondoren, alternatiben inguruko informazioa zabaltzea, jendea sentsibilizatzeko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago