Gasteizko erdi maratoia izena ematen den egunetik hasten baita. Hortik aurrera, entrenamenduak, korrika saioak, lagunen arteko iritzi-trukaketak, eta norberak bere buruari eskatzen diona. Bezperan, sabeleko nerbioak dantzan jartzen dira. Galderak besterik ez daude korrikalarien artean: eguraldia kaxkarra, hotz egingo du, hori nik nahiago, horrek kalte egiten dit…
Eguna argitzen denean, korrikalari guztiok jakin badakigu egun berezia izango dela. Era askotako jendea elkartzen gara Mendizabala eta Mendizorrotza inguruan. Ikusle eta kirolariok bat egiten dugu eta animo hitzak besterik ez dira entzuten. Denok gora eta behera berotze ariketak egiten, eta ordua hurbildu ahala irteera puntura abiatzen gara.
10:30etan, txalo zaparradaren artean omenalditxo xumea Clemen, Roberto eta Zerasi. Hunkigarriak dira minutu horiek, hitzekin adiera ezinak. Tarterik izan gabe, hor ikusten da tropela luzatzen ari dela, beherantz goaz, Gasteizko etorbidea zeharkatzera. Lehendabiziko kilometroak ilusioz beterikoak. Ikusle gutxi errepidearen alde bietara, halere, urterik urte gero eta gehiago. Hasiera honetan aukera izaten dugu lehendabiziko postuetan joaten direnak ikusteko, izan ere, batzuk joaten ari gara eta besteak bueltan dira.
Ia-ia tris-tras batean Zumakadi kalean sartu gara, lehendabiziko komeriak. Kalea luze-luze egiten baita, bukaerarik gabekoa ematen du. Animoak gure artean eman behar oso jende gutxi dagoelako espaloietan. Tipi-tapa, oraindik nekea agertu gabe. Trianas zubia igotzea gogorra egiten da, lehendabiziko neke aztarnak, baina tira. Herrandarren kalea, luzea, baina oso gustora jendez lepo dagoelako. Txaloak, animoak, batez ere, emakumezkoei: “animo, neska! aurrera neskak!!! Pozgarria oso emakumezkoen parte hartzea gero eta handiagoa izatea. Iparralde errotondan ura edateko parada izaten dugu. Eskertzekoa, edaten dugun bitartean ibiliz joaten gara, atsedena hartu nahian edo. Pixkanaka-pixkanaka, horixe bera esaten du kalean dagoen jendeak:"tira, tira gutxi falta da ta". Bake kalea, beherantz, ze ondo, primeran!!! Dagoeneko erdia egina, baina nekea nabaritzen hasiak gara. Tropel txikian elkartu garenok erritmo jeitsi dugu, denok helburu bera dugu, heltzea, alegia. Florida parketik igarotzen garenean hankak oraindik orain fin dabiltza. Halere, zuhur jokatu behar dugula jakin badakigu. Hamasei, hamazazpi kilometroak txarrenak izaten dira. Hor dago benetako koxka. Baina dagoeneko Gasteiz etorbidean gara hamabostgarren kilometroa gainditzen. Azken txanpan sartu gara. Orain hasiak dira komeriak, Florida parketik berriz ere pasatzen gara eta bihurgunea egin eta gero, zezen-plaza hor ikusten dugu, infinitoan. Korrikalari batzuk oinez doaz, atsedena pitin bat hartuz, beste batzuk, guk bezala, erritmoa berriz ere moteldu dugu.
Azken kilometroetan sartu gara, helburu oso hurbil dugu. Unibertsitate ibilbidea, Corazonistas ikastetxea atzean utzita, hor sartzen gara Prado ibilbidean, hor animoek bultztzen zaituzte, Cervantesen pasalekuan sartu gara eta helmuga ikusten da. Egina dago, gutxi falta da, azken kilometro hori gogorra da oso, badirudi ez dela inoiz bukatuko, baina… Hor sartzen gara azkeneko metroetan, dena da poza, besarkadak, lortu dugu, lortu dugu!! Ze alaitasuna, poza, sentimenduz beteriko uneak dira. Egindako lanaren emaitza. Baietz, baietz egina. Hurrengo urtean berriz korrika egitera!!.