Sei orduko lanuztea egingo dute udal langileek

Erredakzioa 2017ko abe. 19a, 09:30

Elkarretaratzea egin dute udal langileek, Plaza Berrian.

Greba 11:30etik 17:30era izango da, eta eragina izango du autobus zerbitzuan.

Protesta eguna izango dute gaur Gasteizko Udaleko 3.000 funtzionario inguruk. Sei orduko lanuzteak deitu dituzte gaurko; hiru ordu goizeko txandan, eta beste hiru, arratsaldekoan. Hala, greba 11:30etik 17:30era luzatuko da. Goizeko 10:00etan batzordea deitu dute Goiuri jauregian, eta ondoren, 11:30ean manifestazioa egingo dute erdigunetik.

Gaurkoa ez da udal langileek egingo duten lehen greba; uda aurretik hasi ziren protestak, itxialdiak eta lanuzteak deitzen. Soldaten igoera eta eros ahalmena berreskuratzea eskatzen dute. Horrez gain, langileentzako eskaintza publikoa exijitzen dute.

Tuvisa eta gizarte etxeak

Lanuzte hauek eragina izango dute udaleko zenbait zerbitzutan, batez ere, autobusean, gizarte etxeetako herritarrentzako harreran eta udal eraikinetan. Tuvisak iragarri bezala, greba deituta dagoen orduetan autobusen frekuentzia 50 minutukoa izango da. Orduz geroztik, ordutegia ohikoa izango da.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago