"Sentsibilizazioa eta prestakuntza" behar direla agerian utzi du LGTBI diagnostikoak

Erredakzioa 2017ko abe. 14a, 17:14

LGTBI Harrotasunaren eguna, Gasteizen. /Alea

LGTBI kolektiboaren errealitateak ezagutzea eta sexu-dibertsitatearen eta generoaren arloko lehentasunak definitzea du helburu.

Gasteizko LGTBI biztanleriaren errealitateen lehen diagnostiko horren ondorio nagusiak aurreratu dituzte gaur goizean Berdintasuneko zinegotzi Jaione Agirrek eta Irabaziko bozeramaile Oskar Fernandezek, eta arratsaldean aurkeztuko dute jendaurrean, Goiuri jauregian, 18:30ean.

Gasteizko lesbiana, gay, transexual, bisexual eta intersexualen errealitatean zentratzen da diagnostikoa, eta 2017ko ekainetik azarora bitartean egin da. hainbat adituren laguntza izan dute horretarako: Lucas Platero, Fefa Vila, Gerard Coll-Planas eta Sejo Carrascosa tartean.

"Diskriminazioa eta ikusezintasuna"

Azterlanak LGTBI kolektiboak lanaren, osasunaren, hezkuntzaren, kirolaren, aisialdiaren eta kulturaren arloetan hauteman duena azaltzen du. Oro har, alor horietan guztietan "sentsibilizazio eta prestakuntza-lana" behar dela ondorioztatu dute. Bereziki, hezkuntzaren alorrean, LGTBI kolektiboko zenbaitek bullyinga pairatu dutela azaldu baitute.

Erradiografia horren arabera, hainbat kasutan, LGTBI kolektibokoak izateagatik pertsonek hainbat eraso jasaten dituzte –etengabeko erasoak, eraso fisikoak, irainak, mespretxuzko begiradak; cruising-a egiten den leku publikoetan eta kalean–; diskriminazioa eta ikusezintasuna nabarmendu dute.

Lan-esparruari dagokionez, LGTBI pertsonak ikusarazteko eta duintzeko kanpainak egiteko premia planteatzen dute, eta hautatze-prozesuetan eta laneko baldintzei dagokienean LGTBI pertsonen berdintasuna bermatzekoa.

Diagnostikoan jasotzen da, halaber,LGTBI elkarteak edo, oro har, sexu- eta genero-dibertsitatea ez direla ezagutzen, eta topaketa-lekuak sustatu beharra dagoela, sozializazio-lekuak, bakardadeari aurre egiteko. Aisialdiko jarduerak, kultur jarduerak, LGTBI errealitateak proiektatuko dituztenak. 

“Asko dagoela egiteko erakusten digute ondorioek. Bai erakundeek, bai Gasteizko gizarteak. Eta hori da gure konpromisoa. Aurrera egitea, Gasteiz bidezkoagoa, inklusiboagoa, homofobiarik eta transfobiarik gabea lortzeko”, nabarmendu du Jaione Agirrek.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago