Datorren ostegunetik aurrera, eta 17ra bitartean izango da Gaztefilm haurrentzako eta gazteentzako zine jaialdia. Bertan, jaialdi garrantzitsuenetan aurkeztu diren haurrentzako eta gazteentzako film onenen emanaldia egingo dute.
Genero eta estilo askotarikoak elkartuz, etorkizuneko belaunaldietan "pentsaera kritikoa sustatzeko asmoa" du jaialdiak. Zenbait gunetan egongo dira ikusgai ikus-entzunezkoak; tartean, Vital Fundazioa aretoan, Artium museoan eta Jesus Guridi musika Kontserbatorioan. Hala, ostegunetik hasita eta asteburu osoan zehar, ibilbide esanguratsua duten jaialdietan estreinatutako film luzeen eta laburren hautaketa zabala izango da.
Ostegunean hasiko da jaialdia, 10:00etan, ikastetxeetako taldeetarako saio bikoitzaren eskutik: Ivan Tsarevitch eta printzesa aldakorra eta Kauwboy filmeekin. Arratsaldean izango da, ordea, Gaztefilmen inaugurazioa, 17:30ean. Ondorengo egunetan, besteak beste, film laburren programazioa, lantegiak eta hitzaldiak egongo dira.
Egitarau osoa: Gaztefilm Fest