Gasteizek ez du oraingoz aurrekontu berririk onartuko, EAJk eta PSEk gutxiengoan osatutako udal gobernuak oraindik ez baitu babes nahikorik lortu.
Ez PP, ez ezkerreko alderdiek ere, ez dute Gorka Urtaran alkatearen proposamena babestuko. Alderdi Popularrak hainbat baldintza jarri ditu haren babesaren truke, baina udal gobernua ez dago horiek onartzeko prest; garraioarekin lotutakoak izan dira gatazkatsuenak: tranbia Campusera eramateko proiektua geldiaraztea, eta autobus azkarren ordez beste garraio-aukera batzuk aztertzea, hala nola tranbia Zabalganara eramatea.
Urtarani alkatetza eman zioten ezkerreko alderdiek ere ez dute haren proposamena begi onez ikusi. Azaldu dutenez, "azken 15 urteotako ereduari eusten dio" eta, bestalde, haien ustez "ez du sinesgarritasunik, ez dituelako bete aurreko aurrekontuetako konpromisoak". Hori dela eta, osoko zuzenketa bat aurkeztu zuten elkarrekin atzo.
Akordiorik ezean, egoera ez bada desblokeatzen bi aukera izango ditu Urtaranek: aurtengo aurrekontuak luzatzea, edo iaz erabilitako lege-zirrikitua erabiltzea: alegia, konfiantza galdea deitzea. Kasu horretan, oposizioak ez balu ordezko alkategai bat adostuko, alkateak zuzenean onar litzake aurrekontuak. Ezohiko bidea da hori, Gasteizen lehen aldiz joan den otsailean erabili zena 2017ko aurrekontuak onartzeko, orduan ere ez zutelako akordiorik erdietsi.