Estutxea bete sormen dator aurten ere Gasteizko Mazoka, Arabako Ilustrapados elkarteak antolatuta. Abenduaren 15etik 17ra bitartean, 40 marrazkilarik eta ilustratzailek erakutsiko dituzte beren lanak Montehermoso jauregiko ur-biltegian, beste sormen-adierazpen batzuez lagunduta, hala nola musika, dantza eta antzerkia.
Mikroantzerkia eta dantza izango dira aurtengo berrikuntza nabarmenetako bat: Gasteizko Nui Danza kolektiboak Bikoteka ikuskizuna eskainiko du, 15 minutuko lau emanalditan. Lindy Hopak ere bere tartea izango du, Traspasoswing arte-eskolaren koreografia batekin.
Errealitate birtualean marraztera
Lehen aldiz, inguru birtual batean marrazteko aukera emango du Mazokak, Catsula ikus-entzunezkoen ekoiztetxe gasteiztarraren eskutik. Hain zuzen, VR instalazio bat jarriko dute (Virtual reality), eta nahi duen orok bertan marrazteko aukera izango du.
Sormena hauspotzeko helburuarekin ere, familientzako bi ilustrazio-tailer eskainiko dituzte, bost urtetik gorako umeentzat. Horiez gain, marrazkilari eta ilustratzaileei zuzendutako beste bat egingo dute, eremu horretan ospe handia duen profesional batekin: Jose Antonio Barrionuevo, Un periodista en el bolsillo blog sarituaren egilea.
Belarriei kolorea emateko, hiru musika-talde arituko dira ur-biltegian: Los misterios , surf eta rock&roll doinuekin; Libe, rock-kontzertu akustiko batekin; eta Kubers, pop-rock alternatiboa mikroetan; hirurak, arabarrak. Egitarauaren beste pizgarri batzuk izango ditu, hala nola Dibuteka –umeek eta helduek marrazteko- eta Ilustramatoia –zuzeneko erretratuak egiteko–.
Proposamen horiekin guztiekin, hazten jarraitzeko asmoa du Mazokak. Lehenengo edizioan 2.800 lagun erakarri ondoren, ia 5.000ra iritsi zen iaz, ilustrazioaz gain, bestelako sormen-adierazpenak sartuta sormen-lapikoan.